Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Txapelketaren finala jokatu da Amaia Antzokian. Lehiaketaren xedea izan da “gazteen artean ekintzailetzaren kultura eta balio kooperatiboak sustatzera zuzentzea”.
Txapelketaren antolatzaileak Arrasateko Udala, Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Mondragon Korporazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mondragon Unibertsitatea izan dira.
Lehiaketaren finala gaur eguerdian jokatu da Amaia Udal Antzokian, eta ekitaldian talde finalistek euren proiektuak azaldu dituzte jendaurrean.
Epaimahaiak baloratu du “taldeek maila altua erakutsi dutela eta puntuazio altua lortu dutela”. Ondorengo taldeak izan dira finalistak eta irabazlea 16-18 urte arteko kategorian:
- Ag4 – Gipuzkoa
- H2elios – Araba
- Oitr – Gipuzkoa

Ag4 proiektuak proposatzen du enpresa kooperatibo batek bitartekaritza lanak egitea Tolosaldeako baserritarren eta herritarren artean. Baserritarrei euren produktuak saltzeko bermeak eta babesa eskaintzen dizkie.
Hartara, Tolosako bizilagunen esku astero jarriko du elikagai osasungarri eta naturalak, zero hondakin eta 0 Km produktuak, betiere nekazaritzaren garapen iraunkorra errazten.
Taldekideak: Itsaso Andueza Urruzola, Iune Lahidalga Otamendi, Saioa Ugowe Balza eta Maialen Goikoetxea Aginagalde.
Ag4 taldeko lagunek pozarren jaso dute saria, eta nabarmendu dute “kriston lana eta maila izan direla txapelketan, beraz zorionak gainontzeko taldeei ere. Ez genuen saria irabaztea espero, guretzat finalera iristea, bere horretan, lorpen handia zen”.
“Esperientzia oso polita izan da, bertatik bertara ikusi dugu nola funtzionatzen duten kooperatibek, eta eskerrik asko gu laguntzeagatik gure tutoreari, Jesus Maria Goienetxeri, besteak beste”.

Beste kategorian, ondorengo taldeak izan dira finalistak eta irabazlea 19-24 urte arteko kategorian:
- Lup – Gipuzkoa eta Araba
- Legacy – USA Y Navarra
- Astrokoop- Txile

Lup taldeak ere esker oneko hitzak izan ditu saria jasotzean: “Plazer bat izan da hemen jardutea. Sari hau urte askotako lan eskuzabal baten emaitza da. Eskerrik asko gure tutore Miguel Angeli eman dizkigun aholkuengatik”.
Taldekideak: Uxue Mancisidor Laskurain, Apurva San Juan eta Eneko Calvo Postigo. Proiektuak erraztu nahi du ikusmen arazo larriak dituzten pertsonen egunerokotasuna (produktuak, zerbitzuak eta esperientziak). Lehen soluzioa eskuzko lupo adimentsua.
Proiektu originalenari saria M&M taldearentzat izan da, hain zuzen, baztertutako gazteak zirkuko disziplinaren bitartez bergizarteratzeko proiektua.

Ekitaldian ere Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako kontseilari-ordeak izan du hitza. Elena Perez Barredok azpimarra jarri du lehiketaren bi osagaitan: “Formakuntza eta balore kooperatiboak”.
Halaber, nabarmendu du gazte finalistak “oso ondo prestatuta” daudela, eta gehitu du “herri honek erakusten digu pertsonak elkartzen badira, balore oso positiboak indartzen direla, sinergia ugari sortzen direla, baita gizarte-ehun trinko bat ere”.

Aipagarriak dira ere txapelketaren enpresa mentoreak Laboral Kutxa, Eroski, Eika, Ecenarro, Rural Kutxa, Erreka, Nergroup, Leartiker eta Dikar izan direla.
Azkenik, eragile laguntzaileak ondokoak izan dira: Alianza Cooperativa Internacional, Eroski, ASEkoop, Saiolan, Azaro Fundazioa, Arizmendiarrietako Lagunak Elkartea, Garaia Parke Teknologikoa eta Planeta Stem.
Erlazionatutako albistea:
Mondragon City Challengeko partaideei harrera egin die Antolakuntzak
2021eko azaroaren 16an argitaratutako albistea