Jose Agustin Ibarluzea ‘Txispas’ eta Luis Pagoaga ‘Luixito’ arrasatearrek Korrikaren 3. edizioa aurrera eramaten parte hartu zuten 1983an.
[Goiko argazkian Olaia Murua eta Oskar Elizbururekin azaltzen dira, Arrasateko AEKko langile eta Korrikako antolatzaile]
Baita ondorengo beste zenbait ediziotan ere. “Guk lekeitiarrekin hartu-emanak genituen, Edurne Brouardekin esaterako, eta esan ziguten Korrikarako pertsonak behar zituztela. Gu prest agertu ginen”.
“Aste bat libre hartu genuen laguntzen ibiltzeko. Beste edizio batzuetan ‘Kopi’, Fernando Arana, Aitor Etxabe eta Patxi Ugartek ere parte hartu zuten”.
1983ko edizioa “neguan izan zen – gogora ekarri du Luixitok – Izaba eta Otxagabia ingurutik pasatzean elurra zegoen, eta tronkomobilak ez zeukan leihorik…”.
“Gau batzuetan tronkomobilean joatea tokatzen zitzaigun, eta beste batzuetan sako zahar batzuetan lo egitea. Talde bakoitzak 12 orduko txanda bat egiten zuen”.
Boluntario-lan horietan “Larrabetzuko lagun batzuk, Lekeitioko beste batzuk eta gu biok ibiltzen ginen. Korrikarako, orain bezala, ibilgailuak behar ziren, gauzak garraiatzeko”.
“Guk erabaki genuen hori Arrasateko tronkomobilarekin egitea eta hala egin genuen. Ibilgailuaren matxurak baino ohikoagoak ziren megafonia aparailuen matxura”.
“Megafoniak askotan erretzen zirenez, hainbat herritan megafoniak ematen zizkiguten, Korrikak aurre egiteko”.
Orduko bitxikeria bat Laudion jazo zen: “Tronkomobila Laudioko garaje batean sartzen ari ginela, horretarako atea baxuegia zen, eta tronkomobilaren sabaiaren erdia apurtu zen. Gau osoa egin genuen sabaia konpontzen”:
“Konponketa egiteko egurra behar genuen, eta herriko zerrategi bateko arduraduna topatu behar izan genuen. Tronkomobila konpondu genuen biharamunean Korrikarekin Bilbon sartzeko”.
Orduko tronkomobil hura ez zen gaur egun Santamasetan, Korrika Txikian,… erabiltzen den berbera: “Seat 600 bat zen eta auto hori egurrak gehitu genizkion Santamasetan txerria garraiatzeko, tronkomobil itxura emanez”.
Orduko beste bitxikeria bat da “errepidean polizia-kontrolak zeudenean aurrera jarraitzen zuen ibilgailu bakarra tronkomobila zela. Beste guztiak geldiarazten zituzten, baina tronkomobilak ez zuen arauzko dokumentaziorik, paperik,…”.
Horrelakoetan, eta “aurreko furgonetak gasolina botatzera joan behar bazen, gu korrikalari-euskaltzaleen aurretik jartzen ginen, baina beste ibilgailuak ‘tropelean’ gu atzealdean joaten ginen, ‘coche-escoba’ bezala, korrikalari-euskaltzaleen atzetik”.

Orduan zailtasun handiak zeuden: “AEK eta instituzio batzuen artean talkak izaten ziren, eta hori giroan nabari zen, udal batzuek ez zuten parte hartzen. Korrikak nolabait bere kabuz egiten zuen aurrera”.
Garai hartan “PNV eta Ezker Abertzalearen artean tentsio handia zegoen. Adibidez, Hala Bedi Irratia itxi zuten eta Ezker Abertzaleko jende asko itxierarekin haserre zegoen. Guri Korrikan, besteak beste, gauzak baretzea tokatu zitzaigun”.
“Gure zereginetako bat zen egoera baretzea, istilurik ez izatea, eta nolabait Korrikako parte-hartzaile batzuk batez ere babestea. Orduan Josemari Velez de Mendizabal arrasatearra Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea zen eta Korrikan lekukoa eraman zuen”.
“Hori jakinik, Hala Bedikoek protesta bat egin zuten eta guri egokitu zitzaigun Arrasatelp herrikidea zaintzea. Josemarik euskararen aldeko ‘lasterketan’ parte hartu zuen, udal askok ez bezala”.
“Urte batzuen ondoren, 1987 inguruan, egoera pixka bat aldatu zen, Bilboko Gorordo alkateak Korrikan parte hartu zuenean”.
1983ko Korrika Baionan hasi zen, “guk tronkomobila Elizondon utzi genuen, eta Dantzarineako mugan poliziek geldiarazi gintuzten. Nik ‘orden de busca y captura’ neukan eta komisaldegira sartu gintuzten”.
“Biok atxilotu gintuzten eta komisarian 8 ordu inguru egon ginen, gauzak argitzen. Beraz, Korrika hasi aurretik komisariatik igaro ginen. Aske geratu ostean Korrika Hego Euskal Herrian zebilen, eta berarekin bat egin genuen”.
Korrikako giroa “hasieratik itzela izan da, Erribera aldean izan ezik. Iruñetik eta Tafallatik euskaltzaleak jaisten ziren eta Tuterako euskaltzaleak igotzen ziren Erriberako kilometro ugariak betetzera”.
“Guardia zibilek ez zuten uste Korrikak gauez ere jarraituko zuenik, eta gure atzetik etortzen zirenean, noizean behin aurreratzen gintuzten eta begiratzen zuten ea Korrikak aurrera jarraitzen zuen, eta hala zen”.
Erribera aldean “batzuetan beharrezkoa zen txandaka gutako batzuk tronkomobiletik jaitsi eta lekukoa zeramanari lekukoarekin laguntzea. Erriberan izan ezik, beste leku guztietan Korrika oso indartsu zebilen”.
“Gasteizen esaterako, garai hartan oso erdalduna izan arren, gaur egun euskaldunagoa da, parte-hartzaile kopurua itzela izaten zen. Korrikak arrakasta handia zuen”.
“Erriberan adibidez zelaian lanean zeuden hainbat langilek atxurra botatzen zuten eta katiuskak jantzita izan arren, Korrika egiten zuten. Holako bitxikeriak izaten ziren. Erriberan euskaraz jakin ez, baina euskararen aldeko sentimentua handia bazegoen eta badago”.
Gaur egun Korrikak “ordutegia zorrotzago betetzen du, baina lehen ez zegoen halako kontrolik. Guk kalkulatzen genuen 6 minututan kilometro bat egiten zela, baina herri batzuetan atzerapenak izaten ziren, eta hurrengo herrira batzuetan ordubete berandu iristen ginen baina euskaltzaleak itxaroten zeuden. Itzela zen”.
“Jendea ez zen euren etxera joatean, Korrikari itxaroten zion. Gainera, ongietorria herri bakoitzean ezberdina zen: herri batzuetan antortxakin zeuden. Asteburuetan giroa jaizaleagoa zen”.
Arrasatetik ere igaro ziren Korrikarekin: “Behin Otamendi diskoteka paretik (Legarre pabilioian, Elkoro denda gainean) igaro ginen gauez, eta barruan zeuden ehunka parranderoak kalera irten ziren eta Korrikarekin bat egin zuten”.
Beste bitxikeria bat zen “mutilak lasterketa hasten ziren, inertzia hartzen zuten eta Korrikarekin lauzpabost kilometro egiten zituztela. Guk batzuetan galdetzen genien umorez ‘baina noraino zoazte?’ baina eurek ilusioz aurrera jarraitzen zuten”.
“Guk ere megafoniatik animoak ematen genituen, horretan ere txandakatzen ginen, eta sarritan ahots barik geratzen ginen”.
Gaur egungo Korrika “indartuta ikusten dugu, antolakuntza askoz zehatzagoa da, antolakuntzak urteen joan-etorriarekin asko ikasi du, furgoneta eta megafonia hobeak dira, antolatzaileak trebatuagoak daude, animazioa handiagoa da, eta Herriak Korrika eta Korrikak esan nahi duena onartu ditu”.
Hori ikusirik, gaur egun “instituzioek Korrika onartzen dute, baina lehen AEK eta Korrika ez zituzten begi onez ikusten”.
Korrikaren Antolakuntzaren “helburu nagusietako bat beti izan da herritarrek parte hartzea, eta herriko gero eta entitate gehiagok parte hartu, hobeto. Azken finean, herria sentsibilizatzeko eta lantegietan eta leku guztietan euskara gehiago erabiltzeko”.
Bide honetan “lehen eskola ‘nazionalak’ deitutakoek ez zuten parte hartzen, baina egoera iraila da, eta egun ikastolekin batera herri-eskolek parte hartzen dute”. “Guk ere datorren Korrikan parte hartuko dugu, duda barik!”.




