Lorezaintzako grebalariek lortu dute “Plenoak gaur pleguak ez onartzea”

0
756

LAB sindikatuak gaur Udalarekin bilera egin du, eta Udalak hitzeman dio gaia mahai gainean utziko duela gutxienez irail arte.

Arrasateko lorezaintza publikoa azpikontrataturik dauka Udalak, eta Prezero enpresak kudeatzen du, LABek azaldu bezala.

Sindikatu honek azaldu duenez, langileei lan-hitzarmen estatala aplikatzen zaie eta bertan ez da KPIaren igoerarik aipatzen.

“15 urte baino gehiago badira, udalak ez duela lorezaintza zerbitzuan berrikuspen ekonomikorik egin, eta langileak igoerarik gabe egon dira urte hauetan”.

Egoera aldatzeko, LABeko ordezkariek Udalarekin bilera egin zuten duela hilabete batzuk, “enpresei egiten zaien eskaintza ekonomikoa handitu dezaten eskatzeko”.

Izan ere, horrela, “langileei soldata duinak bermatu eta beraien lan-baldintzak hobetuko direlako”. Alabaina, “enpresak ez du KPIaren igoera aplikatzerik nahi”.

“Arrasaten lan egin eta bizi diren langile hauek, egunero jasaten dute prezioen igoera etengabea, bizitzaren garestitzea eta azken finean, beraien eros ahalmena mantentzeko zailtasunak”.

Horren ondorioz “prekarietate egoeran jarraituko dute langileek, akordio bat adostu ezean”. Akordioa helburu, LAB enpresarekin bildu da azken asteetan:

“Gai askotan lortu dugu ados jartzea baina bi aldeek marra gorriak ditugu”. Sindikatuak “hainbat proposamen egin ditugu egoera desblokeatzeko eta arazoari irtenbidea emateko”.

“Baina enpresaren borondate falta izan da konponbidea zapuztu duena. Eta akordiorik gabe, langileek izugarrizko babes faltarekin jarraitu beharko dute bertan lanean”.

Biharko (astearteko) udaletxeko Osoko Bilkuran lorezaintza zerbitzua esleitzeko pleguak bozkatuko dira, “langileen eskubideak bermatuko ez dituzten pleguak”.

Hortaz, langileen ordezkariek Udalekoei eskatzen dizkiete “ez dezatela baldintza hauetan plegurik onartu, eta enpresari exijitu diezaiola arazoa berehala konpontzeko baliabideak jar ditzala”.

Hartara, gaur arratsaldean, Udalbatza baino ordu erdi lehenago, 17:30ean elkarretaratzea egin dute Herriko plazan.

“Horrela egin dugu guk orain arte”, adierazi du sindikatuak. “Konponbide baten alde, gure konpromisoa adierazten dugu, lan-akordio duin baten aldeko borrokan”.

Hortaz, atzotik aurrera greban dabiltza, “gure eskubideen defentsan, lan-baldintza duinak eskatzen ditugu. KPIaren araberako igoera barik, akordiorik ez!”.

Bilkuran LABeko ordezkaritzak azaldu digu gaur Udalarekin beste bilera bat egin duela, “gaurko Plenoan plieguak onartu ez ditzan”.

Izan ere, “pleguak akordioaren baitakoak dira, eta enpresa behartuta dago pleguak aplikatzeko. Akordiorik ez dago, eta Udalari eskatu diogu akordio barik pleguak onar ez ditzan”.

LABek azaldu du “Udalekoek adierazi digute pleguen onarpena hurrengo Plenora atzeratuko dutela. Seguruenik iraileko Plenora”.

“Hori ez zen gure helburua baina behintzat lorpen edo garaipen txiki bat da, eta alde horretatik positiboki baloratzen dugu”.

Hala ere, “mobilizazioei eusten diegu, aste honetan esaterako pegadak egingo ditugu, eta zerbitzua etenda izango da, gure aldarrikapenek aurrera eginez”:

“Hau da, KPIaren igoera akordioan aplikatzea, eta horixe da enpresarekin ez lortzearen puntua. Bi aldeak akordioa sinatzetik oso hurbil izan gara”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen