“Lorezain laguntzailearen soldata ez da 1.000 €ra iristen” Udalarentzat Prezeron lan eginda

2
1124

Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: Greban diharduten lorezainak.

Arrasateko lorezainok jadanik laugarren astea daramagu greban, soldata duinak eskatzeko.

Hemerotekari begirada bat ematea nahikoa da Edurne Unamuno Arrasateko enplegu zinegotzia kalitatezko enpleguari buruzko aipamenak egiten aurkitzeko tokiko teknikari edo arduradunen batek lagunduta.

Bide beretik, uztaileko azken plenoan, Anuska Ezkurra PNV ko zinegotzi bozeramaileak altu eta garbi esan zuen KALITATEZKO enpleguen alde zegoela.

Errealitatea, aldiz, bestelakoa da.

Arrasaten lorezaintza zerbitzua eskaintzen duen PREZERO enpresa multinazionalak, Udalaren oniritziarekin, estatu mailako lan hitzarmena aplikatzen digu, jakin badakitenean horrek prekarietatera kondenatzen gaituela.

Hitzarmenak gure oinarrizko soldata gordina, kategoriaren arabera, 1.094 eta 1.236 € bitartera mugatzen du. Ondorioz, lorezain laguntzaile batek 1.000 eurora iristen ez den nomina jasotzen du lanaldi oso baten truke.

Gure lanaren truke, baldintza ekonomiko justuak aldarrikatzen ditugu, Udal honentzat lan egiten duten beste langile batzuenak bezala. Adibide gisa, gurekin lan egitera eta ikastera datozen Enplegu Sustapeneko langileek 1.875 euroko oinarrizko soldata gordina jasotzen dute.

Monterron eta Santa Barbarako parkeak mantentzeaz arduratzen diren Gureak enpresako langileen baldintzak ere, gureak baino hobeak dira: 1.201 € eta 1.967 € arteko soldata gordina jasotzen dute hilero, kategoriaren arabera. Udalak azpikontratatutako beste zerbitzu batzuek ere guk baino baldintza ekonomiko hobeak dituzte.

Ez dugu noski, inondik inora, hauen soldata gutxietsi nahi. Baina hau JUSTUA al da? Guk egiten dugunak gutxiago balio al du? Dagoen soldata arrakala ikusita pentsa ze aurpegi gelditzen zaigun!

DUINA, KALITATEA zein da hitz hauen esanahia agintari hauentzat? Gure ahotan egunero dabilzkigun hitzak LOTSAGARRIA, PREKARIETATEA, ARRAKALA etab… dira!

Gatazka hau konpontzeko PNVko Ander Garay zinegotziarekin Uztailaren 26an egin genuen bileran, berak, datuak ondo begiratu eta hurrengo egunean bertan deituko zigula esan zigun. / 15 egun pasatu dira eta ez dugu erantzunik jaso.

PREZEROk abuztuaren 1ean eman zuen erantzunean udalaren gain utzi zuen ardura. Arrasateko bizi mailara egokituko den KPI-a oinarrizko soldatan aplikatzea aldarrikatzen dugu.

Gure eskaerei erantzunez, PREZEROK eta Udalak, plus bezala kobratzen diren igoera proposatzen digute. Plus hauek ordea ez dute etorkizunerako bermerik ematen eta horregatik jarraitzen dugu greban.

Urte honetako maiatzean Maria Ubarretxena eta bere lantaldeak harro, aurkeztu zuen Udalaren soberakina eta horretatik 2.400.000 € gordetzeko asmoa, zuhurtziaz jokatzeko helburuarekin. Beraz, errekurtsoak egon badaudela badakigu.

Nahiz eta Udalak legalitatea zaintzen duen, garbi dago gure kasuan ez dela bermatzen LAN JUSTUA, DUINA, eta KALITATEZKOA. Idatzi honetan hainbatetan aipatu ditugu hitz hauek. Azken udal plenoan behin eta berriz entzun genituen agintarien ahotik ere.

Orain PREZERO eta udalari tokatzen zaie konponbiderako pausuak ematea. Ez dugu onartuko bi aldeen onurak gure prekarietate ekonomikoaren kontura izaterik.

2 IRUZKIN

  1. Ze politiko klase izan daitezke, Euskal herrian 1000€kin bizi daitekela pentsatzen dutenak, langilea izan eta “pobrezian” bizitzea behartzen dutenak, bi aurpegiko hizkera dutenak, jendearen aurrean arre esan eta gero so…… ba hori.

    • Tristea da, baina gure oasy ekonomiko honetan soldata tristeak jasotzen dituzten asko daude. Gero eta gizarte desigualagoa dugu, eta horrela ez goaz inora.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen