Lore eskaintza eta ‘Memoria partekatu baterantz’ 2. edizioaren aurkezpena egingo dira astelehenean

0
499

Faxistek fusilatutakoen eta desagerrarazien omenezko lore eskaintza egingo da, irailaren 26an. Ekitaldia Jose Maria Arizmendiarrieta plazan izango da. Ondoren, Etxaluze eraikinean, aurkeztu egingo da ‘Memoria partekatu baterantz, Arrasate 1936-1956’ lanaren bigarren edizioa.

Argazkiak: Elizaran, Bastarrika, Murgizu, Saravia, Arregui, Ulmer eta Intxorta 1937.

Datorren astelehenean, irailak 26, tropa faxistek Arrasate inbaditu zutenetik 86 urte beteko dira.

Demokraziaren aurkako estatu kolpearen kontra “agertu ziren pertsonak, gizonezkoak zein emakumezkoak edo haurrak, giza eskubideen urraketak jasan zituzten” salatu du Udalak, eta “nola edo hala, milaka pertsona zigortu zituzten”.

Horren harira, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Udalak bi ekitaldi antolatu dituzte urtemugaren harira:
Arratsaldeko 18:30ean, fusilatuen omenezko monolitoan, hau da, Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, lore eskaintza irekia egingo da.

Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, Etxaluze eraikinean, ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburuaren bigarren edizioa aurkeztuko da.

Izan ere, Intxorta 1937ko ikerlariek lan ugari egin dituzte azken urteetan ere, eta biktima, giza eskubideen urraketa,… gehiago aurkitu dituzte. Horiek guztiak bigarren edizioan emango dituzte ezagutzera.

Hortaz gainera, elkarte historiko honek hamarkadetan aurrera eramandako ikerketen emaitzak ere plazaratu egingo ditu argitalpen berriak.

2017ko irailean, Arrasateko udal-talde guztiek, Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaiaren bidez, Intxorta 1937 Elkarteari eskatu zioten 1936-1956 aldian udalerrian gertatutakoari buruzko memoria bat egiteko: ‘Memoria partekatu baterantz. Arrasate 1936-1956, Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’.

Intxorta 1937k hala egin zuen, eta lehen edizioa osatu zuen. Orain, 2022an, bigarren edizioa emango du jakitera. Liburu hau modu digitalean irakur daiteke intxorta.org eta arrasate.eus webguneetan.

Gainera, irailaren 26an formatu fisikoan ere eskuratu ahal izango da. Udalak adierazi duenez “ekitaldia interesdun guztientzat zabalik dago”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen