Lokal hutsetan negozio berriak sustatzeko programaren bigarren edizioa abian da

0
626

Helburua da herriko lokaletan ekintzailetza proiektuak garatzeko alternatibak mahai gainean ipini eta, aldi berean, lokal hutsak balioan jartzea, kaleak biziberritu, merkataritza sustatu eta kalitatezko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal bat bultzatzeko.

Testua: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak herriko merkataritza ehuna babesteko apustuan, jarraipena emango dio aurten lokal hutsetan negozio berriak sustatzeko iaz martxan jarritako programari. Horri jarraiki, herriko lokal hutsetan merkataritza edota zerbitzu negozio eredu berriak irudikatuko dira, modu horretara lokal horretan garatu daitezkeen negozio ereduak bistaratu eta ekintzaileek lokalaren balioa aintzat har dezaten, saltoki berriak abian jarri ahal izateko.

Gauzak horrela, aurtengoan proiektua 12 lokaletan garatzeko aurrekontua jaso du Udalak, guztira 15.000 euro. Lokalaren erakusleihoan hainbat elementu jarriko dira: merkataritza proiektuaren argazkiak (ikuspegi desberdinekin), lokalaren planoak ikuspegi desberdinekin eta lokalaren ezaugarriak biltzen dituen panel bat. Horrez gain, erakusleihoa apaindu egingo da, itxura erakargarria izan dezan.

Programan parte hartzeko ezinbestekoa izango da ostalaritzakoa ez den lokal huts bat jabetzan izatea eta lokalak erakusleihoa izatea. Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 5a arte BAZen, udal webgunean edo merkataritza@arrasate.eus helbidean.

Behin eskaera guztiak jasota, ezarritako irizpideen arabera aukeratuko dira lokalak: kokalekua, auzoa, eremuaren beharrak, lokalaren aukerak … Lokalen aukeraketa irailean egingo da eta urria bitartean proiektuak landuko dira; erakusleihoen muntaiak, halaber, abenduan egingo dira.

Ekimenak bi helburu nagusi ditu: herriko lokaletan ekintzailetza proiektuak garatzeko alternatibak mahai gainean ipintzea batetik eta lokal hutsak balioan jartzea, bestetik, modu horretara kaleak biziberritu, merkataritza sustatu eta udalerrian kalitatezko komertzio eta zerbitzu eskaintza zabal bat izateko aukera piztuz.

Informazio gehiago eskuratzeko 943 25 20 17 telefonora deitu edota merkataritza@arrasate.eus helbidera idatzi.

2020an, 11 proiektu irudikatu ziren

2020an abiatutako lehen edizioan guztira 16 lokalen jabeek eman zuten izena. Udalerriko erdialdean eta auzoetan San Andresen, Musakolan eta Erguinen. Lokalak aztertu eta bideragarritasuna ikusita, eta tartean lokalen bat alokatu zelako, azkenean 11 lokalek parte hartu zuten proiektuan.

Lokalen ezaugarrien arabera, kaleak zuen bizitza komertziala eta zerbitzuen beharra kontuan hartuta, osagarriak izan daitezkeen jarduerak proposatu eta landu ziren. Proiektu horiek panel batzuetan irudikatu ziren, eta erakusleiho itxura eman. Modu horretan, erakusleihoan ikusi daiteke lokal horretan zer jarduera garatu daitekeen, ideiak emateko merkataritzako proiektuak hasteko gogoarekin egon daitezkeen ekintzaileei.

Proiektu bereziak eta berritzaileak proposatu ziren, lagundu dezaketenak herriko merkataritza suspertzen eta ekintzailetza sustatzen: Brunch&cake (garbitegia: arropa garbitu bitartean eta zain zaudela, kafe bat hartzeko espazioa), Gure geltokia (ekitaldiak egiteko aretoa), Fashion hemen (showroom, bertako moda diseinatzaileen topagunea), Artile (artilearekin lan egiteko denda tailerra), Kunkla (estanpazio tailerra), Erosketa (herrian egindako online edo telefono bidezko erosketa zerbitzu biltegia), Loving artisautza (leku hau diseinatuta dago Arrasateko artisautzaren munduari ikusgaitasuna emateko), Argi-tu (argi denda tailerra), WeARwork (coworking gunea), Lixar (gozoki denda), eta Etxe-home (etxerako apaingarrien eta osagarrien denda).

Erakusleihoan bertan zehaztu ziren lokalaren ezaugarriak eta zer bide dagoen jabearekin zein udalarekin harremanetan jartzeko, interesdunek kontsultak egin ahal izateko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen