Liderrago da Mondragon Unibertsitatea bere aurkari zuzenenari 81-70 gailenduta

0
2274

Partida guztian aurretik joan dira arrasatearrak eta bi garaipeneko aldea ateratzen diete orain sailkapenean Iturripen galtzaile irten den Santutxuri

Partida handi batean bere aurkaririk zuzenena den Santutxuri 81-70 irabazita, bere mailako liderrago da Mondragon Unibertsitatea taldea, denboraldiko bigarren itzulia hasi berri den honetan. Urteko lehen partidan, Santutxun, galdu zuten arrasatearrek orain arteko partida bakarra eta txapelketa baldintza dezakeen partidan arantza hura kendu ahal izan dute.

Lehenengo minutuetatik hartu dute Iñaki Ogaranen mutilek partidaren aginte makila 10-3 aurreratuta eta santutxuarrak tarteka markagailuan gerturatu diren arren, batez ere bigarren laurdenean, etxekoek ondo kudeatu dute partida. Atsedenalditik (33-28) bueltan, 21 puntutako aldea ere izan dute arrasatearrek eta garaipenaz gozatzeko astia ere izan dute.

14 puntu eta 8 errebote jasota, Beñat Barberena izan da etxekoen jokalaririk nabarmenena eta jaurtiketetan santutxuarrek baino gehiago asmatu izanaz harago, taulapean erakutsitako sendotasunean egon da Mondragon Unibertsitatearen garaipenaren giltza, kanpotarrek baino 9 errebote gehiago jaso baitituzte partidan zehar (47-38).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen