Sexu Askapenerako Egunak islatu du “sistema hankaz gora” dagoela, eta aldarrikatu du “bizitzea merezi duten bizitzak erdigunean jarriko dituen etorkizun bat”. Eraso eta fobien aurka “Erresistentzia gara” eta “arraro bezain harro jarraituko dugu bidean”.
Arrasateko LGTBIQ+ kolektiboak antolaturik, bilkura alaia eta dantzaria egin da gaur arratsaldean Biteri plazan.
Segurtasun- eta garbitasun-neurriak hartuta, Sexu Askatasunaren Egunak, Garazi Bedatse ordezkari, egungo egoeraren balorazioa egin du.
Herritar guztiek bezala, LGTBIQ+ kolektiboko lagunek, konfinamenduan une gogorrak bizi izan dituzte. “Diotenez bizitza hankaz gora jarri da, baina benetan sistema da horrela dagoena. Izan ere, bizitza aspalditik zegoen kinka larrian”.
Konfinamenduan pertsona oro “norberaren bizitzaren armairuan sartu” da. Horregatik kolektiboak orokorrean herrikideei ondoko galdera egin die: “orain hobeto ulertzen duzue zer izan daitekeen armairu batean konfinaturik bizitzea?”.

Kolektiboak islatu du egun “dena dagoela kolokan”, eta abian dago “kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka”. “Hemen eta orain ezberdin eta arraro sentitzen garen gorputzek bizitzea merezi duten bizitzak erdigunean jarriko dituen etorkizun baten aldeko aldarria egiten dugu”.
Horrela, “sistemaren aurpegi erasokorrenaren aurrean inoiz baino indartsuago altxatzen gara orain. Ez dugu armairura itzuli nahi, ez dugu gure burua betirako konfinatuko”. Izan ere, “bizirik sentitzeko desira dugu”.
Ultraeskuinaren aurrean “Erresistentzia gara”, eta fobia ezberdinen aurka “arraro bezain harro jarraituko dugu bidean aurrera”.
