LF2 ligan lehiatzeak dakartzan gastuei aurre egiteko laguntza eskatu du Ointxek

0
924

MU Ointxek, igoera kantxan erdietsi ostean, LF2 ligan lehiatzeko ametsa gero eta gertuago dauka. Hala ere, udan zehar bulegoan lan handia izango du taldeak, igoerak dakartzan gastuak kudeatu ahal izateko.

50 urteko lanaren fruituak jasotzen ari da Ointxe. Urte hauetan, 200 haur baino gehiakogo harrobia garatu dute, gizon zein emakumezko talde indartsuak sortu dituzte eta inklusio-kirola sustatzen dabiltza: disfuntzionaltasuna duten ia 20 pertsona saskibaloiaren bitartez
gizartean hobeto integratzeko lanean.

Aurreko astean, lan horren islada den beste lorpen bat erdietsi zuen Ointxek, MU Ointxeko neskak estatuko hirugarren mailara igo ziren. Orain ordea, kantxako igoera bulegoan berretsi behar da. LF2 ligak eskatzen dituen baldintzak ez dira betetzeko errazak eta gaur egun, Ointxek ezin die gastu horiei aurre egin.

Ointxeko zuzendari den Oihane Agirrek hau aipatu du egoerari buruz: “Azkenean, dirua behar dugu dudarik gabe. Gastuak handitzen doaz eta askoz handiagoak dira maila honetan. Batetik, bidelagun izan nahi ditugu eskualdeko zein Gipuzkoako erakundeak. Lanean hasita gaude, Aretxabaleta zein Arrasateko udalekin oso sintonia onean. Bestetik, diru pribatua lortzeko ere lanean ari gara”.

Ez dira gutxi gastu berriak, LF2 liga, estatu mailako liga da eta bi multzotan banatzen da. Horrek esan nahi du, hilean 2 aldiz Tenerife,
Valladolid, Coruña, Castelló, Lleida edo Mallorcara bidaiatu beharko dutela. Guztira, etxetik kanpo 13 partida jokatu beharko dituzte. Horrez gain, kantxa ere maila berrira moldatu beharra dago, gaur egun partiduak jokatzen dituzten Aretxabaletako kantxak ez dituelako gutxieneko baldintza guztiak betetzen.

Duela hiru urtekoa gogoan

Ointxek kantxan igoera lortu ostean, mailaz igotzeari uko egin behar izan zion duela hiru urte. Orduan, mutilek lortu zuten igoera eta aukera galdu zuten, une gogorra izan zen taldearentzat. Ez dute hura errepikatzerik nahi eta aukera baliatu nahi dute, LF2 ligan jokatzeko ametsa gauzatuz. Taldeak badaki ez direla laguntza behar duten bakarrak, baina ziur daude, emakumezko kirolean inbertitzea gizarte bidezkoago batean inbertitzea dela eta orain dela momentua hori gauzatzeko. Guk sinisten dugu! aupa Ointxe!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen