Leire Okarantza: “Abbadia saria jasotzea errekonozimendu handi bat da Fagor Taldearentzat”

0
534

Fagor Taldeak Abbadia saria jaso du gaur eguerdian Kulturolan. Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko. Gaur egun, errekonozimendu garrantzitsua bihurtu da arlo horretan. Fagorrentzat sari hau jasotzeak zer suposatzen duen jakiteko eta Fagor Taldeak euskararen erabilera bultzatzeko egiten duen lana ezagutzeko, Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunarekin izan gara.

Argazkia: Fagor Taldea.

Zer da Fagorrentzat Abbadia saria jasotzea? Zer suposatzen du?

Errekonozimendu handi bat. Guk ibilbide bat egin dugu Fagor Taldean Euskararen normalizazioaren alde, inolako saria espero barik. Proiektuan sinesten dugulako, hasieratik kolektiboren aldetik bultzada handi bat izan delako, betidanik, baita erakundeen aldetik konpromiso bat ere, erronka honi erantzuteko, eta momentu honetan errekonozimendu handi bat da guretzat. Aurrera begira indarrez jarraitzeko hauspoa emanten digu. Batzuetan iruditzen zaigu Fagorren euskararen erabilera normalizatuta dagoela, eta hori ez da guztiz erreala. Oraindik neurriak hartu behar ditugu lortu dugun erabilera mailan atzera ez egiteko, eta beste elemendu batzuk sendotzeko.

Zertan datza kooperatiben barruan euskara garatzeko plana? Noiztik dago martxan?

22 urte dira Fagor Taldean euskara plana modu formal baten kudeatzen hasi ginenetik. Aurrez kolektiboen aldetik eskaera bat egon bazegoen, gizartearen mugimenduaren eraginez, lanean euskarari leku bat egiteko. Zenbait urtetetan, gau eskolak zirela, ahalegin bat egin zen euskara lan-munduan sartzeko. Baina ez modu antolatu batean, Kolektiboaren pertsona desberdinek, euren motibazio pertsonaletik, ekarpen hori egiten hasi ginen.

Orain dela 22 urte EMUNekin hitzarmena sinatu zen, eta modu antolatu batean hasi ginen euskara plana kudeatzen: metodologia batekin, antolaketa batekin, baliabide batzuekin, EMUNeko euskara teknikarien bitartez. Horrek guztiak, bestelako egitura bat ekarri zuen, eta poliki-poliki urratsak ematen joan gara.

Euskara Planek lan egin dute bai euskara ulertzen ez duten pertsonekin, baita norberak bere lanpostuan, nahiz eta euskalduna izan (urte askotan gazteleraz egin duzun esparru horretan) euskaraz lanean egiteko lehen urratsak ematea ere. Hau da, ezagutza eta erabilera sustatu ditugu.

2017an hausnarketa bat egin genuen, normalizazioari dagokionez, zein maila lortua genuen zehazteko. Baita oztopo handienak atzemateko ere. Hala, gure lan-ildo estrategikoak zehaztu genituen. Une horretan jauzi kualitatibo bat eman genuen, planen antolaketan, dinamizazioan eta eragin esparruetan.

Une honetan zenbat pertsonak dihardute plan hauetan? Nola funtzionatzen du?

Gure kooperatiba guztietan ezarritako plana da. 8 kooperatibak osatzen dute Fagor Taldea, eta bakoitzak bere euskara plana du. Koordinazioa talde mailan kudeatzen dugu. Denon artean helburu estrategikoak finkatzen ditugu, eta horretarako zehazten dugu zein palanka eragin behar dugun. Ondoren, kooperatiba bakoitzak, norberaren egoitzan, erabakitzen ditu horren lanketa, hedapena eta garapena.

Zenbat pertsonak parte hartzen dute programan?

Azken finean kolektibo osoari eragiten digu neurri batean zein bestean. Formazioan ez dago parte-hartzaile gehien dugun urtea, azken bi urteetan jardueran gorabeherak izan direlako, baina urteko 200 bat pertsona izaten ditugu euskara-eskoletan. Talde ezberdinak daude: batzuk euskaltegi formatuan, beste batzuk kooperatiban bertan antolatzen diren klaseetan, edo mintzapraktiketan. Formula desberdinak ditugu pertsona bakoitzak bere postuan euskara egiteko behar duen laguntzaren arabera.

Euskara Batzordeen bitartez egiturak eduki dauzkagu. Kooperatiba bakoitzak bere dimentsioaren araberako Euskara Batzorde bat dauka, edo planta desberdinak baldin baditu, planta bakoitzean Euskara Batzorde bana izango du. Taldeetako koordinatzaileak Fagor Taldeko Euskara Batzordean biltzen dira hausnarketa egiteko.

Zein da euskararen gaur egungo egoera Fagorren?

Eukara Plana martxan jarri genuenetik hona bilakera bat izan du. Adibidez, Batzar Orokorretan erabilera duela 10 urte %30-35 bueltan zen, eta gaur egun %90ekoa da. Elebitasun maila duela hamarkada bat %63aren bueltan zegoen eta egun %83an dago. Ahozko erabilera 8-10 puntu igo da azken urtetan, eta Arrasateko kaleetako erabilera baino altuagoa da, 8 puntu altuagoa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen