Mikel Nabarro arrasatear-urretxuarrak Euskal Herriko Txapelketetan garaipenak lortu izan ditu. Bikotekide arrasatearrak ere (Leire Ezpeletak) mendiko-eskian postu nabarmenak lortu ditu. Euren seme-alabek ere elurretako lehiaketetan parte hartzen dute.
Argazkiak: Leire Ezpeleta.
Leire Ezpeleta eta Mikel Nabarroren familiak elurra eta kirola maite dituzte, eta Pirinioetako Candanchúra joan ohi dira negu partean.
Sendiko seme-alabek ere elurretako lehiaketetan parte hartzen dute: “Batak, freeride-n aritzen da eta bestea jaitsierako eskian – azaldu digu amak-. Hala, gure betiko ibilbideari jarraitzen diogu, gu ere gaztetan hala ibili baikinen”.
Arrasatear honek gustuko du “asteburuan neska-mutilen inguruan eskiatzea, baita Panticosa, Cerler,… inguruko lasterketetan parte hartzea ere”.
Covidak zorionez ez die traba asko jarri: “Gure seme-alabak eski txapelketetan lehiatzen direnez hara joateko baimenak jaso ditugu”.
Hala ere, “denbora luzea pasatu zen mugikortasun baimenak jaso genituen arte. Katixa urtarrilean entrenatzen hasi zen, eta Aratz otsail inguruan”.
Leireren bikotekideak, Mikel Nabarro Aranzadik gehitu du Covid-aren testuinguruan elurretara joan ahal izateagatik “pribilejiatuak sentitzen garela”.
Izan ere, baimen horiek lortu dituzte soilik “gure egoera berean dauden gurasoek eta elite mailako eskiatzaileek, tartean Euskal Selekziokoek”.
Leirek egun 45 urte ditu eta mendiko korrika lasterketetan, eski probetan, zikloturista martxetan,… jarraitzen du.
Izan ere, “oraindik ez dut dortsala janzteko, parte hartzeko,… ilusioa galdu. 46 urte betetzear ditudala, lasterketetan sailkapeneko erdiko postuetan ibiltzen naiz”.
Aurreko urtean Candanchú-ko Causiat Extremen parte hartu zuen, eta 40 urtetik gorako emakumeen mailan irabazi egin zuen. Apaltasunez eta zintzoki ondorengoa adierazi digu:
“Esan beharra dago maila horretan 5 partaide baino ez ginela aritu, eta ez da gauza bera 5 partaide lehiatzea edo 200 lehiatzea”.
Arrasatear honek meritu handiagoa ematen dio Canfranc-eko 45 kilometroko maratoian 3. postua lortzeari: “20 pertsonak parte hartu genuen, eta hirugarren postua lortu nuen. Nik uste horrek meritu handiagoa duela”.

Bere bikoteak, Mikel Nabarro Aranzadi ere proba berean arituko da. Izan ere, biek ala biek zenbait kirol praktikatzen dituzte. Mikel, urretxuarra sortzez, urteak daramatza Bedoñan bizitzen, eta zenbait garaipen lortu ditu bere ibilbidean zehar, besteak beste:
Andres de Regil Zeharkaldia 2013an Iñigo Larizekin batera (Euskal Selekzioaren elastikoarekin) eta Euskal Herriko Txapelketa batzuetan. Gainera, Altitoin lehen postuetan izan da.
Mikelek ere elurra eta kirola gustuko ditu, eta mendiko eskia praktikatzen darrai. Izan ere, “ondo zahartzeko bitaminarik onena kirola da, eta hala nabil aurrera egiten”.
Mikelek ez zuen aurten lehiaketetan parte hartzeko asmorik, “izan ere, 48 urte egitear nariz, eta lasterketetako buruan izateko grina pasatu zait. Emaitzari jada ez diot ia erreparatzen, eta ondo pasatzeko hartzen dut parte”.
“Familiakoak Candanchun izaten gara, eta inguru horretako lasterketetan soilik hartzen dut parte. Ez, ordea, beste batzuetan, eta adibidez ez naiz joan Espainiako Kopako Boí Taüll-go probara”.
Candanchú ondoan Panticosa dago, eta hurbiltasuna baliatuz, Mikelek bertako lasterketan parte hartu zuen duela bi aste. “Nire mailan ondo aritu nintzen”.
Orokorrean, “mendiko eskian fanatiko samarra izan behar da progresatzeko, hau da, ia astebururo praktikatu behar da. Horregatik, lehen sailkatutik azken sailkatura alde handia izaten da”.
Orokorrean, mendiko eskiak eskatzen ditu “fisikoki sasoiko egotea eta teknikoki jantzita egotea – adierazi du Leirek – baina lasterketa mota bakoitzak bere ezaugarriak ditu: batzuk estazioko pista inguruetan jokatzen dira baina beste batzuk menditsuagoak izaten dira”.
Mikelek gehitu du mendiko eskian, lehiaketa “gogorra dela, fisikoki sasoiko izatea eskatzen du, eta hori baino gauza askoz garrantzitsuago bat: eskiatzen oso ondo jakitea”.
Elurraren egoera faktore oso garrantzitsua da: “elurra oso aldakorra da, eta baldintza onetan guztiok gara eskiatzaile trebeak, baina txarrak direnean, adibidez elurra oso gogor dagoenean, mendian gora egiteko kanteatu behar da. Kontuan hartu behar da ere eskiak nahiko estuak direla”.
Lehiaketaz aparte, mendiko eski tradizionala egon badago, “Euskal Herrian oso errotua, eta bertan norberak erabakitzen du zein erritmoan joan, bokadiloa jan, barrita bat jan,…”.
Alderaketa argigarri azaldu digu Mikelek: “adibidez hemen ere ez da gauza bera Udalatxera igotzea mendi-lasterketa batean edo lagunartean. Lehiaketa eta mendizaletasun tradizionala bereiztu behar dira”.
Mikelek eta Leirek aurtengo Causiat Extremen parte hartuko dute, hurrengo asteburuan. Leire “Urretxuko lagun batek animatu ninduen, baina ez goaz lehiatzera, parte hartzera baizik, irabazteko grinik gabe”.
Mikel ere antzeko egoeran dago: “Hasieran ez nuen parte hartzeko asmorik, baina Nafarroako Selekziotik eskaera egin zidaten”.
Izan ere, “probarako partaide gutxi zituzten, eta asteburuan deitu zidaten Nafarroako Selekzioarekin parte hartzeko. Nik baietz, eta beraz Nafarroako Selekzioarekin parte hartuko dut, 25 urteko gazte batekin bikoa eginda”.
Izan ere, “Euskal Selekzioa deitzen diote soilik Euskal Autonomia Erkidegoko taldeari, Nafarroako Selekzioa aparte utzita. Egunen batean bat egitea lortuko dugu, edo ez, baina oraingoz zoritxarrez biak bereiztuta daude”.