Antolakuntzak, Orereta-Errenteriako indarkeria matxista kasuak salatzeko, bertan behera utzi du Aiako poteoa. Finalean Arrasate-Eskoriatzako taldeak Urretxu-Zumarragakoak baino puntu gehiago lortu ditu. Talde txapelduna sortzaile hauek osotu dute: Ane Zuazubiskar, Olatz Zuazubiskar, Larraitz Trojaola, Oihana Arana eta Haizea Arana.
Argazkiak: Unai Gaztelumendi / Gipuzkoako Bertsozale Elkartea.
Finalaren harira, zenbait ekitaldi antolatu dituzte bai Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, bai Aiako Udalak elkarlanean.
Egitarauko poteoa, Orereta-Errenteriako bertso eskolako indarkeria matxista kasuen ondorioz, bertan behera utzi du Antolakuntzak.

Horrela, GBEk bat egin du Mugimendu Feministaren eta Bertsozale Elkartearen salaketarekin zein deialdiarekin.
Bazkari herrikoiari eutsi egin zaio eta finala Aiako probalekuan jokatu da, saio “bizia eta umoretsua”, GBEk azpimarratu bezala.

Saioan arrasatearrek eta eskoriatzarrek 21 puntu lortu dituzte, eta urretxuarrek eta zumarragarrek 15 puntu.
Hortaz, txapela bana lortu dute Haizea Arana Cardenal eskoriatzarrak, Oihana Arana Cardenal eskoriatzarrak, Larraitz Trojaola Berezibar arrasatearrak, Olatz Zuazubiskar Iñarra arrasatearrak eta Ane Zuazubiskar Iñarra arrasatearrak. Zorionak guztiei!





