Leintz Arizmendi: “2020/2021 gogorrari buelta ematen gabiltza, ilusioz”

0
577

Taldeak 2020an, Covid-aren aurka, erabaki zuen partidu bat ez jokatzea. Federazioak, baina, zigortu zuen lehiaketatik kanporatuz. Taldeak 2020/2021ean zehar soilik entrenatu ahal izan zuen. Orain, lehiaketara bueltan dator.

Jakina denez, ekipoak iaz, pandemiaren une txarrenetakoan, erabaki zuen partidu bat ez jokatzea, Covid-aren aurkako berme nahikorik ez zegoelako, kutsatzeak saihesteko.

Zentzuzko erabakia izan zen arren, Federazioak lehiaketatik kanporatu egin zuen, eta horren ondorioetako bat izan zen mailaz jaitsi zela: Euskal Ligatik Ohorezko Erregionalera.

Andoni Ezkurra entrenatzaileak adierazi du “neskek argi zeukatela: euren erabakiaren ondorioz taldea mailaz jaitsi behar bazuen, jaitsiko zela eta kitto, nahiz eta gustukoa ez izan”.

“Argi zeukaten pandemiaren orduko egoeran ez zegoela berme nahikorik liga bat jokatzeko. Gero pandemiaren joerak baieztatu zuen nesken erabakia zuzena izan zela”.

“Nire ustez federazioaren zigor gogorregia izan zen”, baieztatu digu Andoni Ezkurra entrenatzaileak gaurkoan. Izan ere, taldeak ezin izan zuen Liga jokatu 2020/2021ean:

“Entrenatu bai, entrenatu genuen urte osoan zehar, baina partiduen pizgarririk gabe, denboraldia aurrera eramatea gogorra izan zen. Hasieran ilusioa handia zen, baina denboraren poderioz apaldu zen, eta urtea luze joan zen”.

“Orduko 16 jokalarietatik 8-9k parte hartzen zuten entrenamenduetan. Ez zen konpromiso falta kontua, partiduak jokatzea oso garrantzitsua da, eta partidu barik astunagoa egiten da”.

Hori guztiori atzean utzita, taldea egun denboraldi-aurrean buru-belarri dabil. “Aurreko astean ekin genien entrenamenduei, eta bina entrenamendu eta partidu egin ditugu”.

Lehena Zumarragan Urolaren aurka eta bigarrena Elorrion bertako taldearen aurka. “Bihar Leintz Aloña Mendirekin (gure filialarekin) partidua jokatuko dugu Oñatin”.

Entrenatzaileak azpimarratu du filialari esker, “neska guztiek dutela jokatzeko aukera, eta goiko taldeak jokalariak beharko baditu, filialetik jokalariak igo ahalko dira. Filialak 20 jokalari inguru ditu”.

Aurre-denboraldi honetan “somatzen ari gara denboraldi oso bat egin dugula partidurik jokatu gabe, izan ere, lehiaketako partiduak entrenamenduak baino gogorragoak dira”.

“2020/2021ari poliki-poliki buelta ematen gabiltza, eta ea horrela jarraitzen dugun”. Horretan 17 jokalarik hartuko dute parte:

  • Leire Nafarrate
  • Ane Caceres
  • Marta Ugarte
  • Miriam Agirre
  • Melani Concepcion
  • June Ugarte
  • June Pascual
  • Ainhoa Iturrioz
  • Olatz Legarda
  • Lide Zubiaga
  • Andrea Paredes
  • Nahia
  • Naiara Ibabe
  • Lore Etxeandia
  • Ane Arregi
  • Lore Mar
  • ‘Matxa’

Ligako lehen partidua datorren asteburuan jokatuko dute, etxean Mariñoren aurka. Aupa Leintz Arizmendi!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen