Leihoetatik balkoietara eta Etxealditik Euskaraldira

0
504

Arrasateko Euskaralditik, maiatzaren 2an, zapatuan, gaueko 21:30etan, Aretxabaletarekin eta Eskoriatzarekin elkartuta, Etxealditik Euskaraldira ekimenaren agur modura, leiho eta balkoietara irten eta festaz gozatzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Testua eta kartela: Euskaraldia Arrasate.

Konfinamenduan gauden honetan, gure hizkuntza ohiturei astindu bat ematera etorri den Etxealditik Euskaraldira ekimenak domekan, izango du amaiera. Arrasateko Euskaraldiak behar duen amaiera eman nahi dio ekimenari eta horregatik Aretxabaletako eta Eskoriatzako kideekin elkartu da jai bat antolatzeko.

AZ Gaubelak-i esker eta gure herriko jai-batzorde ezberdinen laguntzarekin, maiatzaren 2an, zapatuan, 21:30etan, gure leiho eta balkoietan festa handi bat biziko dugu. Berrogei egunetik gora dauzkan berrogeialdi honek zerbait erakutsi baldin badigu, gure etxeetan isolatuta egonda ere, sekula baino batuago egon garela da. Gure bizilagunekin harremana berreskuratzera iritsi gara kasu askotan, eta harreman horiek zergatik ez euskaraz egin? Iturritik ura edateari utzi ez diogun moduan, harremanak egiteari ez diogu utzi. Hauek, batzuetan telematikoak izan dira derrigorrean, baina asko eta asko leihotik leihora egin dira. Goazen bada, harreman horiek sendotzera, euskaraz sendotzera, eta zer hobe hori egiteko, jai batean egitea baino?

Isolamendu honetan AZ Gaubelak-ek antolatuko duen azken balkoi-jaia izango da zapatukoa eta Etxealditik Euskaraldira-ra batu nahi izan dute, azken jai erraldoi bat egiteko. Hiru zatitan banatuko da jai hau. Hasi, AZ Gaubelak-en Youtubeko katean (https://www.youtube.com/channel/UCOeQa3hqTHTPqKNH5omx-Zw) zuzenean eskainiko den programa batekin hasiko da eta bertan sorpresa batzuk izango ditugu; gero minutuko isilunea egingo da etxealdian sartuta gaituen gaitz hau gainditu ezin izan duten bailarakoen omenez; eta hirugarren zatian festa lehertuko da leiho eta balkoietan.

Egin dezagun gure bizilagunekin topa euskararen alde eta bizi dezagun Etxealditik Euskaraldira-ren amaiera jai giroan!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen