Horrela laburtu du Ander Elortondok Covid-19k Dorletako Ama txirrindularitza taldean izan duen eragina.
Dorletako Ama txirrindulari taldeari ia ez zion denboraldia hasteko astia eman Covid-19ak sortutako alarma-egoera hasi zenean. Ander Elortondo taldeko presidenteak azaldu digunez, “bi mendi lasterketatan parte hartu genuen soilik alarma-egoera deklaratu zenean eta errepidean lehiatzen hasteko denborarik ez zigun eman”.
Elortondok esan digunez, “gure txirrindulari gehienak eskola-kirolekoak dira, benjaminak, alebinak eta infantilak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretu bat atera zuen pandemiaren hasieran eskola-kirola bertan behera uzteko”.
Eskola-kirolean sartzen diren txirrindularien denboraldia azaroan hasten da eta Elortondok azpimarratu duenez, “eguraldi txarragatik eta egunak laburragoak direlako, barnealdeko entrenamenduekin hasten gara. Batez ere bizikleten mantenua ikasten dute, eta arrabola gainean entrenatzen dute. Ikasleen kasuan, lehiaketari dagokionez, ez dugu denboraldia hasteko denborarik izan”.
Dorletako Ama TXEko presidenteak adierazi duenez, “azken egunetan federazioa jardueraren bat antolatzen saiatu da. Gipuzkoako talde guztiak prest agertu gara laguntzeko zerbait antolatzen baina oraingoz debekatuta dago. Ikasturtea amaitzear dagoenez, eta eskola-kirolaren denboraldia ikastaroari lotuta dagoenez, eta kontuan hartuta alarma-egoera ekainaren 21era arte luzatu dela, ez dugu aukerarik.”
Arrasate Hiria Saria
Elortondorekin Arrasate Hiria sariari buruz ere hitz egin dugu. “Lasterketa uztailaren 12an zen egitekoa. Eta federazioak lasterketa antolatzeko eskatu digu, baina ez da posible izan. Alde batetik, atzo arte ez zituzten jakinarazi ‘normaltasun berriaren’ osasun arauak. Bestalde, egun horretan Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak egingo dira, eta ezin izango ditugu modu seguruan egiteko behar diren baliabideekin kontatu: Ertzaintza, Udaltzaingoa eta anbulantziak”.
Elortondok azpimarratu duenez, egoera ekonomikoak ere pisu handia izan du proba ez antolatzerakoan. “Gure babesle gehienak herriko dendak dira, eta hainbeste denbora itxita egon ondoren, ez zaigu egokiena iruditzen haiei dirua eskatzea proba antolatzeko”.
Kadeteak, gazteak eta afizionatuak
Federatuen lehiaketarekin hasteko aukerari buruz Elortondok azaldu digunez, “asmoa Arrasaten hastea zen, baina guk bezala beste herri batzuek ere ez dituzte probak antolatu, besteak beste, Legorretak eta Antzuolak. Federazioak lehenbailehen itzuli nahi du lehiara, baina guk zailtasun asko ikusten ditugu hain denbora laburrean proba hauek antolatzeko”. Kadeteen kasuan bi lasterketa bakarrik egin ahal izan dira, Donostiakoa eta Beasaingoa. Hala ere, federazioaren eta Ertzaintzaren arteko bilera berri baten zain daude egutegi berri bat zehazteko.
Amaitzeko, Elortondok adierazi duenez, “klubean pena eta tristura handia dago, gaztetxoek ezin izan dutelako eurek hainbeste maite duten kirola egin”. Une honetan, Dorletako Ama TXEk 30 txirrindulari inguru ditu.