Lehen postua ziurtatzeko urrats handiak eman ditzakete Mondragon Unibertsitateak eta Mondratek

0
2183

Txapelketa gehienak euren azken txanpan sartzen ari diren honetan, Arrasateko talde nagusirik gehienek etxetik kanpo jokatuko dituzte jardunaldi honetako euren partidak. Sailkapenean ondoen dauden bi taldeak, lehen postuan dauden Mondragon Unibertsitatea eta Mondrate, izango dira euren partidak etxean jokatuko dituzten bakarrak, larunbatean Musakolan Eskoriatzaren aurka (17.15) areto futbolekoek eta igandean, Zarautzen aurka Iturripen (18.00) saskibaloikoek. Garaipenak lortuz gero, txapeldun izateko aurrera pauso sendoak emango lituzkete biek ala biek.

Aurreko asteko Bilboko garaipen estuaren ostean (66-67 irabazi zioten Indautxuri) Mondragon Unibertsitateko mutilek oso bideratuta dute liga erregularreko lehen postua eta istripu handiren batek gertatu beharko luke, matematikoki lehen postu hori ez ziurtatzeko. Gaur gaurkoz, arrasatearrek lau garaipenetako aldea ateratzen diote Santutxu bigarren sailkatuari, jokatzeke sei jardunaldi geratzen direnean.
Igandean Zarautzen aurkako partidara kantxaratzen direnerako, ezagutuko dute eguerdian jokatzen duen Santutxuren emaitza, baina Ointxeko mutilek ondo baino hobeto dakitena da, euren partida aurrera ateraz gero, birtualki txapela buruan izango luketela.

Areto Futboleko Hirugarren Mailan diharduen Mondratek ere oso ongi bideratua du liga lehen postuan amaitzea, bigarren den Tolosari 10 puntutako aldea ateratzen baitio denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldi geratzen direnean. Aste honetan Eskoriatzaren aurkako derbia izango dute, azken bost partidak irabazita, sasoi bikainean helduko den taldea. Eskoriatzarrak bosgarren dira taulan, Mondratek baino 12 puntu gutxiagorekin.

Mondra, sentsazioak berreskuratzera

Futbolari dagokionean, porrot mingarria jaso zuen Mondrak pasa den astean Mojategin eta aho zapore txar hori kentzeko asmoarekin joango dira igandean (16.30) Tolosara. Lehen bi postuetarako borroka dezente zaildu zaien arren, Jorge Davilarenek argi dute dauden lekuan egoteko baliogarri izan zaien jokoan jarri behar dutela fokua eta horretan aritu dira aste osoan zehar. Tolosak jokalari gazte eta onak ditu –azken bost partidetan lau garaipen eta berdinketa bat eskuratu ditu,– eta Berazubiko belar naturalean jokatzeak ere baldintza dezake partida. Sailkapenean bost puntu gehiago dituzte bosgarren diren arrasatearrek.

Pasa den asteko garaipen handiaren ostean, neskei etxetik kanpo jokatzea dagokie, Intxaurrondon zehatzago esateko –larunbata 15.30– eta, ilusioaren depositua goraino beteta, Kopako bigarren garaipena bilatuko dute, oraindik estreinatu gabe dagoen Intxaurdiren aurka.

Smartlog Ointxeko neskek ere arnasa hartu zuten pasa den larunbatean Iturripen irabazita eta aste honetan Mataron jokatuko dute –larunbata 18.30etan–. Irteera zaila izango da, kataluniarrak bosgarren baitira sailkapenean, arrasatearrek baino sei garaipen gehiagorekin. Matarok txapelketako bigarren defentsarik sendoena du eta puntuak sartzea garesti egongo da.

Estuasunak albo batera utzi ezinik dabiltzanak Arrasate Eskubaloi taldeko mutilak dira eta borroka horretan lehia zaila jokatu beharko dute larunbat honetan, Lezon, bertako Munttarpe taldearen aurka. Lezoarrak hiru postu gorago daude sailkapenean eta arrasatearrek baino lau puntu gehiago dituzte.

Arrasate Rugbyko bi taldeek atsedena izango dute asteburu honetan, azken jardunaldiko porrotetatik errekuperatzeko baliatu nahi duten denbora.

Ander Muruak Loiun jokatu beharreko partidari adi, Arrasate PIlota Taldeko pilotariek ere euren lehiak izango dituzte asteburuan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen