‘Lehen Mailako Arreta Bai’ bilkura egingo da etzi Anbulatorio parean

0
688

“Osakidetzaren gainkarga eta utzikeria” salatuko ditu bilkurak ostegun honetan SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Arrasateko ESK sindikatuek deituta.

Argazkia: MB artxiboa.

Sindikatuek salatu izan dutenaren arabera “Lehen Mailako Arreta desegiteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du”.

Era berean, “Osakidetzak COVID-19aren pandemiarekin estaltzen jarraitzen du zerbitzu horren egiturazko defizita, eta premiazkoa da hori berregitea”.

Sindikatuek islatu dutenez, “familiei eta komunitateari ematen zaien arreta okertu egin da, murrizketek eta interes politiko ezak eraginda. Ondorioz, langileek mugan-mugan jarraitzen dute lanean”.

“Ez dago baliabide nahikorik. Ez dago errefortzurik, eta inoiz ez da iristen kanpoan dauden langileen ordezkapenik. Gainera, ez da ahalegina aitortzen eta ez dira langileen eskubideak errespetatzen. Are gutxiago, uztartzeari eragiten diotenak”.

Sindikatuek gaitzetsi izan dutenez, “Osakidetzak ahalegin handiena egiten du profesionalen ondoeza isilarazteko, fisikoki, psikologikoki eta emozionalki gaixotu diren langileez abusatzeko, eta herritarrei gure lehen mailako arretaren narridura larria ezkutatzeko”.

Ostegunean bilkura egingo da, azaroaren 22an egindakoaren antzekoa. Orduan adierazi zuten “profesionalak garela eta, herritarrei arreta emateaz gain, urte asko daramatzagula jendaurrean salatzen lehen mailako arretaren narriadura”.

Ildo horretan, eskatu izan dituzte “inbertsio gehiago, borondate politiko handiagoa, laguntza gehiago, pertsonalagoa, lan-egonkortasun handiagoa, errespetu handiagoa, aintzatespen handiagoa, antolaketa hobea, eta azken finean, lan-baldintza hobeak”.

Oro har, anbulatorioetako arreta “sendo baten aldeko apustua egiten dugu, beharrezkoak diren erreformak egiteko”.

Ostegun honetako (urtarrilaren 13ko) elkarretaratzea eguerdiko 13:00etan izango da Arrasateko anbulatorioaren kanpoaldean. Euskal Autonomia Erkidegoko beste osasun zentroen parean ere egitekoak dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen