Larunbatean indarrean jarriko diren neurriak [Testua: Eusko Jaurlaritza]

0
443

44/2020 DEKRETUA, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak –SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak– birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin zen. Estatuko araudiaren erreferentzia Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren 2020ko abenduaren 9ko Akordioarekin osatzen da. Akordio horren bidez, COVID-19aren aurkako osasun publikoko neurriak aurreikusten dira Gabonetako jaiak ospatzeko.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako urriaren 26ko 36/2020 Dekretuan, adierazpen orokor batez gain, eranskin bat ere zehaztu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak zehatz-mehatz eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretuan konpromisoa hartu zen neurrien ebaluazio jarraitua eta jarraipena egiteko, neurri horiek egoera epidemiologikora egokitzen direla bermatzeko. Horren ondorioz, hartu diren neurriak berregokitzeko hurrenez hurreneko erabakiak hartu dira. Horrela, bada, dekretu honen bidez, LABIren foroan sakoneko zehaztapen eta neurriak aztertu ondoren, aurreko zehaztapenak erabat bateratu dira denbora-tarte luzeagorako eguneratze koiunturalarekin eta garrantzi handiko efemeride sozialekin. Hori guztia, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian.

Pertsonen oinarrizko eskubideen mugetan eragina duten neurrien egokitzapena artikuluetan jasotzen da, eta, Osasun Ministerioari jakinarazi ondoren, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren koordinazio-esparruan hartzen dira, Osasun publikoko neurri espezifikoen eguneraketarekin bat eginez; horrela, testu bakar batean bateratzen dira, eta dekretu honen eranskinaren bidez biltzen.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskuordetu gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehen artikulua: Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzea:

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak adierazitako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugaren hasiera-ordua 22:00etan mantentzen da, eta, muga horren amaiera-ordua, 06:00etan.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, erabaki da 2020ko abenduaren 24tik 25era eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, zirkulatzeko askatasuna mugatzearen hasiera-ordua 01:30ean izango dela, soilik etxera itzuli ahal izateko. Ordutegi hori ez da inola ere erabiliko bilkura sozialetara joateko.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritako ordutegi-muga eta kasuak alde batera utzita, pertsonek urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko soilik zirkulatu ahal izango dute erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

c) Albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

g) Ezinbestean edo premia-egoera dela eta.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

i) Gasolindegietako edo gasolina-zerbitzuguneetako errepostajea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

Bigarren artikulua: EAEko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak:

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak aitortutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio.

2.– Erabaki da pertsonek haien bizilekua kokatuta dagoen udalerrira sartzeko eta irteteko duten murrizketa kentzea, baina, 2020ko abenduaren 23ra arte eutsi egingo zaio pertsonak bizi diren Lurralde Historikotik ateratzeko eta sartzeko murrizketari, artikulu honetako salbuespena salbuespen; dena den, Lurralde Historiko ezberdinetakoak izanagatik, mugakide diren udalerrien artean mugitzea baimentzen da.

3.– Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, 2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra, muga kendu egiten da Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko joan-etorrietarako, baldin eta pertsonak senideen edo hurbileko pertsonen ohiko bizilekura joaten badira. Nolanahi ere, joan-etorri horiek egiteko aukera egongo da, betiere, helburuko erkidegoan ezarritako pertsona-taldeen mugak betetzen badira.

4.– Nolanahi ere, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egiten diren joan-etorriak baimenduko dira, behar bezala justifikatuta badaude.

a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.

h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

j) Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.

k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

5.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.

6.– Agindu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak adierazten duen, bere erantzukizunpean, betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Lekualdaketaren jatorriari, xedeari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren baldintzak zehaztu beharko dira adierazpen horretan, bai eta bisitatzen den senidearen edo hurbileko pertsonaren harremanetarako datuak ere. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da lekualdaketarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak. Dekretu honen eranskinean, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat eskaintzen da.

Hirugarren artikulua: Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea:

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak adierazitako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalekoetan, eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona taldeen mugari. Gehienez ere sei pertsonako taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, 2020ko abenduaren 24tik 2020ko abenduaren 25era bitartean eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitartean, Eguberri-bazkariak eta -afariak egiteko familia-bilkuretan, hamar lagun bilduko dira gehienez. Gomendatzen da bi bizikidetza-unitate baino gehiago ez elkartzea, unitate horiek beti berak izatea, eta, nolanahi ere, arreta eta zaintza berezia izatea COVID-19aren aurrean egoera ahulean dauden pertsonekin.

3.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen direnak ere.

Laugarren artikulua: Prebentzio-neurri espezifikoak testu bakarrean eguneratzea eta bateratzea:

Dekretu honen eranskinean jasotzen dira indarrean jarraitzen duten osasun publikoko neurri espezifiko guztiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da Lehendakariaren urriaren 26ko 36/2020 Dekretua, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri espezifikoei buruzkoa, bai eta dekretu hau aldatzeko ondorengo dekretuak eta dekretu honetan eta haren eranskinean ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko arau eta egintza guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 2021eko urtarrilaren 11tik aurrera, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe data hori baino lehen egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek 2020ko abenduaren 12ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko abenduaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

ERANSKINA
OSASUN PUBLIKOAREN ARLOKO NEURRI ESPEZIFIKOAK

1.– Kautela- eta babes-betebeharrak.

COVID-19aren goranzko joera itzularazteko eta horren eragina ahalik eta gehien gutxitzeko, herritarrek aktiboki parte hartu behar dute ezinbestez.

Horretarako, herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie. Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

Maskarak erabiltzeko derrigortasuna.

Sei urtetik gorako pertsonek nahitaez erabili beharko dute maskara, pertsonen arteko distantzia edozein dela ere, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan daudenean, bai erabilera publikoko espazio itxietan daudenean edo jendearentzat irekita daudenean, bai espazio berean beste pertsona batzuekin elkartu ahal direnean, Prebentzio-, geldiarazte- eta koordinazio-neurri urgenteen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik. Arrazoi medikoengatik maskarak erabiltzearen salbuespena ziurtagiri mediko ofizialaren bidez egiaztatu beharko da.

Lantokietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Betebehar hori ez da eskatuko lan-tipologia edo -baldintza bereziak kontuan hartuta, laneko osasun-zerbitzuek ez erabiltzea gomendatzen duten kasuetan. Nolanahi ere, 1,5 metroko segurtasun-distantzia gorde beharko da.

Desgaitasuna, mendekotasuna, gaixotasuna edo arnasa hartzeko zailtasuna dela-eta aipatutako 21/2020 Errege Lege Dekretuan oinarrituta maskara erabiltzetik salbuetsita dauden pertsonen kasuan, gorabehera hori dokumentatu ahal izango dute, behar den moduan, desgaitasun- edo mendetasun-maila egiaztatzen duen dokumentu baten bidez, edo mediku-ziurtagiri baten bidez. Hori ez da eragozpen izango erantzukizunak eskatzeko, adierazpenaren zehaztasunik ezagatik.

Bizikideak ez diren pertsonak espazio pribatu irekietan zein itxietan bildu edo elkartuz gero, maskara erabiltzea gomendagarria izango da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsita ere.

Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebehar hori jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, erabili egin beharko da.

Nahitaezkoa da maskara erabiltzea erabilera komuneko espazio pribatuetan, hala nola eskaileretan, urbanizazioetako lorategi pribatuetan, solariumetan, zabaltzetan edo antzeko lekuetan.

Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean eta eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabili beharko da. Pertsona-taldeek gehienez ere sei lagunekoak izan beharko dute, eta pertsonen arteko tartea errespetatu beharko dute beti.

Maskara behar bezala erabili behar da derrigor, hau da, sudur-trenkadaren zati batetik kokotseraino (kokotsa barne) estali beharko du.

Erabili beharreko maskara motak ez du arnasa egiteko balbularik izan beharko, salbu eta maskara mota hori gomendatuta dagoen erabilera profesionaletan.

Establezimendu, espazio edo lokalen titularrek bermatu beharko dute beren espazioetan bete egiten dela betebehar hori.

Jarduera guztietan eskatuko diren higiene- eta prebentzio-neurriak.

Oro har, ezartzen diren berariazko arau edo protokoloei kalterik egin gabe, higiene- eta prebentzio-neurri hauek aplikatuko zaizkie establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei:

Jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeen zuzendariak edo arduradunak ziurtatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla dekretu honetan aipatzen diren establezimendu, lokal, instalazio edo espazioen ezaugarrietarako eta erabilera-intentsitaterako.

Txartelarekin edo gailuen arteko kontaktu fisikorik eragiten ez duten beste bitarteko batzuekin ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.

Ezin izango da erre bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan, ezin bazaio pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantziari eutsi. Tabakoa arnasteko beste edozein dispositiboren erabilerari ere aplikatuko zaio muga hori, hala nola zigarreta elektronikoei, lurrungailuei, ur-pipei, pipei edo antzekoei.

2.– Baheketa diagnostikoak talde espezifikoetan.

Agerraldi epidemikoren bat izanez gero, edo egoera epidemiologikoak hala egitea gomendatzen duenean, indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probekin (IADP), Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako zirkuituen arabera, baheketak egingo zaizkio arriskuko eta arriskupean egon daitekeen biztanleriari (adibidez: zentro soziosanitarioetan, transmisio komunitarioko auzoetan, ikastetxeetan, eraginpeko etxebizitza-blokeetan, kolektibo kalteberetan, etab.).

3.– Establezimenduak, instalazioak eta lokalak.

Merkataritza-gune guztiak, erregaien txikizkako banaketa-zerbitzuguneak izan ezik, dagokien araudiaren arabera itxi beharko dira, eta, edonola ere, 21:00etan beranduenez. Farmaziek beren ordutegi-erregimenari eutsiko diote.

1) Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta edukiera horretan langileak ere jasoko dira. Haien barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin. Maskara erabiltzea behar-beharrezkoa da barnean.

Pertsonen zirkulazioa antolatzeak eta espazioak banatzeak pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatuko du. Lehentasuna emango zaio 65 urtetik gorako bezeroei arreta emateari. Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta zona jakin batzuetan pilaketak saihesteko, bai barruan bai kanpoan, eta haien arteko kontaktua saihesteko. Bi ate edo gehiago daudenean, sarrerarako eta irteerarako erabilera desberdina ezartzen saiatuko da, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko. Establezimenduen sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eskuak garbitzeko, eta bete beharreko prebentzio-neurrien berri emango da.

2) Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.

3) Debekatuta dago mota guztietako establezimenduetan alkohola saltzea 21:00etatik 08:00etara bitarteko ordutegian. Debekatuta dago alkohola bide publikoan kontsumitzea.

4) 150 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-establezimendu, -instalazio eta -lokalek edukieraren ehuneko 60 baimendu beharko dute gehienez. Merkataritza-guneetan edukiera hori bera aplikatuko da solairu eta saltoki bakoitzean, duen merkataritza-azalera alde batera utzita.

150 metro koadro bitarteko azalera duten establezimenduek, instalazioek eta lokalek edukieraren ehuneko 75 beteko dute gehienez.

Aldagelen erabilera mugatzeko kontrol bat ezarri beharko da. Kutxetan, txartel bidez ordaintzeko erraztasunak eta ahaleginak egingo dira, eta eskuragarri dauden ordainketa-postu automatiko eta saltzailerik gabeko guztiak gaituko dira. Establezimenduetan, instalazioetan eta merkataritza-lokaletan, ezin izango da eremu komunik okupatu pertsonen joan-etorria ez den beste erabilera baterako.

4.– Beilak eta ehorzketak.

1) Beilak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan; behar bezala gaituak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta 6 pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Bertaratuen kopurua txikiagoa bada, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren ehuneko 50.

2) Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute, ekitaldia leku irekian egiten bada, betiere. Gainera, hala badagokio, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko dagokion konfesioko kultu-ministroak edo antzeko pertsona batek ere parte hartu ahal izango du. Leku itxian egiten bada, aldiz, gehienez ere 10 pertsona elkartu ahalko dira, eta pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko zaio beti.

3) Kasu guztietan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea denbora guztian.

5.– Kultu-lekuak.

Kultu-aretoetara joateak ezin izango du edukieraren ehuneko 35 gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen arteko 1,5 metroko distantzia bete beharko da. Gehieneko edukiera zein den kultu-aretoan jarri beharko da, ikusteko moduko lekuan.

6.– Merkatuak.

Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan, –azoka txiki gisa ezagutzen direnak– ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen ehuneko berrogeita hamar baino gehiago, aldameneko postuen artean gutxienez 1,5 metroko tartea izan beharko da, eta bezeroen joan-etorria mugatuko da, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko gisan. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-distantziari eutsiko zaio.

7.– Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera.

1) Hezkuntza-jarduera, prestakuntza-jarduera eta aurrez aurreko ikerketa-jarduera oro, araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, etapa eta maila desberdinak barne, eta goi-mailako hezkuntzari dagokienez, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerei dagokienez ere, eranskin honetan jasotako arauen arabera garatuko da, eta, nolanahi ere, 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Koronavirusaren (SARS-CoV-2) aurka jarduteko Hezkuntza Sailak egindako protokolo orokorraren arabera.

2) Euskal Unibertsitate Sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gainerako unibertsitate-zentroek, beren autonomia kontuan hartuta, beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

3) Halaber, ikerketa-arloan jarduerak egiten dituzten zentroek, laborategiek, ikerketari eta administrazioari laguntzeko zerbitzuek beren jarduera osoa arautzen duen protokoloa beteko dute.

4) Aurrez aurreko hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera oro prebentzio-, osasun- eta higiene-arauak errespetatuz egingo da, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz eta maskarak erabiliz.

8.– Euskaltegiak, akademiak, autoeskolak, eskolak eta arautu gabeko prestakuntza-zentroak.

COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera, dagokien erregistroan inskribatuta badaude, presentziala izan ahal izango da, gehienez ere 25 pertsonarekin. Beharrezko neurriak ezarri beharko dira instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

9.– Ostalaritzako lokalak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

1) Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak berriz ireki ahal izango dira, honako arau hauen arabera:

5.000 biztanletik gorako udalerrietan, jendearentzat berriz irekitzeko, beharrezkoa izango da COVID-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 eguneko Intzidentzia Tasa Metatua 500 baino gutxiagokoa izatea 100.000 biztanleko, eta establezimenduak itxita egon beharko dira tasa hori aipatutakoaren berdina edo handiagoa bada. Osasun Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus), astero, astelehenetan eta ostegunetan, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat zabalduko da, udalerrietako tasen zerrendarekin, eta erreferentzia eraginkorra izango da, hurrengo egunetik aurrera establezimenduak irekitzeko edo ixteko.

5.000 biztanletik beherako udalerrietan, tokiko egoera epidemiologikoak edo kutsatze-agerraldiek hala eskatzen dutenean, Osasun Sailak bidezko neurriak hartuko ditu establezimenduak ixteko.

2) Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak gehienez ere 20:00etan itxi beharko dira –bezeroak ateratzea barne–, eta ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki jendearentzat. Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan, aurrez hitzordua eskatuta, eta, edonola ere, itxita egongo da beste edozein zerbitzu eskaintzeko. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.

Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon ahal izango dira 22:00etatik 06:00etara, baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.

Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

3) Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek berriz irekitzeko gaituta badaude, aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta gehienez ere edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko erabilgarritasuna izango dute barruan. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da, nolanahi ere. Mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira sei baino gehiagokoak izan. Lau lagunentzako mahai prestatuetan, lau bezero bakarrik bildu ahal izango dira, eta bi mahai batu ahal izango dira gehienez sei laguneko talde baterako. Berariaz ez da gomendatzen establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ikustea.

Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta hauen inguruan ez erretzea.

4) Lokalek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen- eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.

5) Ostalaritzako eta jatetxeetako zerbitzua ematerakoan, ahalik eta intentsitate handienarekin gauzatu beharko dira higiene- eta prebentzio-neurriak. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen direnean izan ezik.

10.– Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako gune komunak.

1) Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. Eremu komun bakoitzeko gehieneko edukiera ehuneko 50ekoa izango da, eta ezin izango dira inoiz egon aldi berean 30 pertsona baino gehiago.

2) Gehienez ere 6 pertsonako taldeetan egin daitezke koktelak eta buffetak, barne-lokal bakoitzeko edo behar bezala mugatutako kanpo-eremu bakoitzeko. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuta, maskara erabiliz.

3) Animazio-jarduerak edo talde-eskolak gehienez ere 6 lagunentzako edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira. Jardueran parte hartzen duten pertsonen arteko eta horien eta animatzailearen arteko distantzia errespetatu beharko da, edo, bestela, babes fisikoko neurriak erabili. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

4) Hoteletako, kanpinetako eta turismo-ostatuetako kirol-instalazioen kasuan, hala nola igerilekuen edo gimnasioen kasuan, horietarako berariaz ezarritako neurriak aplikatuko dira.

11.– Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak.

1) Taldeen bisitak gehienez 6 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gida barne, eta instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

2) Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak (gehienez ere 400 pertsona onartuko dira).

12.– Azoka-esparruak.

1) Euskal Autonomia Erkidegoko azoka-esparruek beren jarduera nagusiarekin lotutako azokak egin ahal izango dituzte; eta areto edo espazio bakoitzeko edukiera baimenduaren ehuneko 50eko edukiera izango dute gehienez ere. Azoka-jarduera horri lotutako ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari dagokionez, eranskin honen 9. puntuan ezarritako mugak eta baldintzak bete beharko dira.

2) Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

3) Azoka-esparruek ezinbesteko mekanismo guztiak izan beharko dituzte bisitari, erakustoki, antolatzaile, hornitzaile eta langileei ingurune segurua ziurtatzeko, higiene- eta osasun-berme handienekin. Era berean, protokolo zorrotz bat eduki beharko dute honako hauei buruz: sarbideen kontrola, edukieren prebentziozko kudeaketa, pertsonen trafikoaren eta urruntze sozialaren kontrola eta monitorizazioa; instalazioen higienizazioa, kalitatea eta ingurumen-segurtasuna; osasun-agintari eta -zerbitzuekiko koordinazioa eta komunikazioa; eta kasu susmagarrien aurreko jarduerak eta horiei dagozkien laguntza-planak.

13.– Kultura-jarduerak eta -ikuskizunak.

1) Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak, musikako graduko ikasketen edo baliokideen prestakuntza arautuari dagozkionak izan ezik. Debekatuta dago gozokiak, freskagarriak edo antzekoak saltzea eta kontsumitzea horrelako jarduerekin lotutako instalazioetan.

Atal honetan xedatutakoa gorabehera, 2020ko abenduaren 21etik 2021eko urtarrilaren 6ra bitartean, ezin izango da ekitaldi presentzialik egin, baldin eta aglomerazioak eragiten badituzte, hala nola kantu-taldeak Gabon gauean edo Errege bezperan; kaleko jaiak, kanpaikadak direla eta; San Tomas eguneko ospakizunak; «Sansilbestreak» motako kirol-probak edo antzekoak; edo kabalgatak edo mugimenduan egiten diren beste ekitaldi batzuk, adibidez, Olentzero edo Errege Magoak direla-eta.

2) Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere ehuneko 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta).

3) Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren ehuneko 50eko gehieneko edukiera baimenduarekin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

14.– Kirol-instalazioak eta kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egitea. Aire zabaleko jarduera fisikoa.

1) Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola, taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da, bai entrenamenduan, bai lehiaketan, atal honetan jasotako salbuespenetan izan ezik. Honako hauek egin ahal izango dira:

– Lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak.

– Kirol federatuaren entrenamenduak, zeinak gehienez 6 pertsonako taldeetan egin ahal izango baitira. Eskola-kirolaren berrekitea Eguberri-aldiaren amaierara arte atzeratzen da, betiere Eguberri osteko epidemia-egoerarekin bat etorriz.

– Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko berrogeira mugatuta badago.

2) Jarduera fisikoa edo kirola egiteko, igerilekuetan izan ezik, maskara erabili beharko da. Maskara hori nahitaez erabili beharko da gimnasio edo esparru itxietan, hiri-inguruetan eta jende asko biltzen den lekuetan. Salbuespen bakarra izango da: jarduera fisiko biziko aparteko uneak eta lehiaketak.

Aldagelak erabili ahal izango dira betiere gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu.

3) Debekatuta dago ikusleak kirol-ekitaldietara joatea.

15.– Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak.

Gida erabiltzen duten jarduerak gehienez ere 6 lagunekin osatutako taldeetan egingo dira. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

16.– Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak.

Taldeen bisitak gehienez ere 6 pertsonakoak izango dira; jarduera egiten den bitartean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta maskarak une oro erabili beharko dira.

17.– Zezen-plazen, -esparruen eta -instalazioen jarduera.

Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztietan egiten diren ohiko ikuskizunen, ikuskizun orokorren edo bestelakoen zezen-jarduerak arriskuak murrizteko plan bat izan beharko du, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ebaluatuko duena. Nolanahi ere, aurrez esleitutako besaulkiak izan beharko dituzte, baimendutako edukieraren ehuneko 50 gainditu gabe, gehienez ere 600 pertsonarekin, eta banaketa homogeneoa izango da esparruan. Inola ere ezin izango da prestatze-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin.

18.– Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

Joko- eta apustu-establezimenduak eta -lokalak ixtea erabaki da.

19.– Ibilgailuen okupazioa eta erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko lurreko eta itsasoko garraioan.

Okupazioa bidaiarien garraioan.

1) Lurreko garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osorik garatzen diren bidaiarien lurreko garraioetan (trenbidea eta errepidea), garraio horiek publiko erregularrak, eskatu ahalakoak zein garraio osagarri pribatuak izan, eta hiri-eremukoak, hiriartekoak, hiri-periferiakoak eta autonomia-erkidegoen, foru-aldundien zein toki-erakundeen eskumenekoak izan, ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei bai zutikako plazei dagokienez.

Gidariak barne bederatzi eserleku bitarte dituzten ibilgailuekin egiten diren pertsonen garraio publiko, pribatu partikular eta pribatu osagarrietan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona joan ahal izango dira, gidariaren plazaren ondokoa barne.

Dekretu honen datan unitaterako sarbidea tarteko edo atzeko ateetatik finkatuta duten bidaiarien errepideko garraioek erabiltzaileei aurreko atetik sartzen uzteko modua berreskuratu ahal izango dute. Manparak jartzea gomendagarritzat joko da, baldin eta ezinezkoa bada gidari-postua publiko orokorretik isolatzea.

Edozein motatako garraio publikoa –EAEko hiru lurralde historikoetako bakoitza baino eremu txikiagokoa– irteteko ordutegia, beranduenez ere, 23:00ak izango da. 2020ko abenduaren 24tik 25era eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, gomendatzen da ordutegi hori zirkulazio-askatasunaren mugara egokitzea, data horietan 01:30era arte luzatzen baita.

Debeku horretatik salbuetsita geratzen da taxiz edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa.

EAEko garraio publiko guztietan, bidaiek 2 ordu baino gutxiago irauten badute, debekatuta dago jatea; ez, ordea, edatea.

2) Kable bidezko garraioa. Kable bidezko garraioetan, funikularretan eta zerbitzu publikoko igogailuetan, bagoiak zein bidaiari-kabinak osorik okupatu ahal izango dira baimendutako edukiera guztia osatu arte, betiere maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanik.

3) Itsas garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren bidaiarien itsas garraioko zerbitzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetako puntu edo portuekin loturarik izan gabe, ontziak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazei, bai zutikako plazei dagokienez.

Txartelen aldez aurreko salmenta.

Bidaiarien lurreko garraioetan, kable bidezkoetan eta itsas garraioetan, erreserba edo eserlekua esleituta dutenean, txartelak aldez aurretik saltzeko kanalen bidez erostea sustatuko da. Ezinezkoa denean, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira bidaiariek elkarren artean ezarritako tartea mantentzen dutela eta espaloiaren ohiko zirkulazioa oztopatu gabe modu ordenatuan jartzen direla ziurtatzeko. Horretarako, seinaleak eta eremu mugatuak jarriko dira, erabiltzaileak bertatik ordenan ibil daitezen garraiobidera sartu arte. Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten probintziarteko lurreko garraioaren konpainia operadoreek informazioa bildu beharko dute bidaiari guztiekin harremanetan jartzeko, eta bidaiaren ondoren gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiari-zerrendak. Halaber, zerrenda horiek osasun-agintariei eman beharko dizkiete, kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen zaizkienean.

Erabiltzaileak eta edukieraren kontrola.

Lurreko, kable bidezko eta itsasoko garraiobide guztietarako, mugikortasun urriko pertsonentzako edo lehentasunez erabiltzeko legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti. Erabiltzaileek erraztuko dute pilaketarik ez egotea, garraio-unitateen sarrera- eta irteera-distantziak errespetatuz. Operadoreek izendatutako profesionalek ahalmena izango dute edukiera kontrolatzeko eta unitate bat beteta noiz dagoen zehazteko, osasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz.

Maskarak nahitaez erabili beharra.

Guztiz nahitaezkoa eta ezinbestekoa da sei urtetik gorakoek maskara erabiltzea, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, bidaiariak garraiatzeko adierazitako garraiobideetako edozein erabiltzen denean, eranskin honen 1. atalean aipatutako kasuetan izan ezik. Gainera, komeni da sei urtetik beherakoek maskara erabiltzea, ahal den guztietan. Garraio pribatuan maskarak erabiltzea ez da exijitu behar izango, baldin eta bidaiariak elkarrekin bizi badira etxebizitza berean. Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako beren lanleku propioa edo babes-manpara baten bidez bereizitako leku bat ez badute.

20.– Ehiza- eta arrantza-jarduera.

Ehiza-jarduera mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

Ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza mota guztiak baimentzen dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzen bada. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan.

21.– Aire zabaleko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak.

Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona 1.

Udalei eta, hala badagokio, administrazio eskudunei dagokie espazioa antolatzea, baita garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea ere.

Aire zabaleko espazio publikoa gehiago erabil dadin sustatzea gomendatzen da, herritarrentzat espazio gehiago egon daitezen, betiere Gabonetako ekitaldiei eta jende asko biltzeko arriskuari dagokienez ezarritakoa errespetatuz.

22.– Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

Establezimendu hauen itxierari eusten zaio: Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen badute eta dagokion udal-baimena badute.

23.– Gizarte- eta osasun-zerbitzuetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoentzako egoitza-zentroei buruzko uztailaren 30eko 126/2019 Dekretuan oinarrituta, foru-aldundiek dute eskumena zentroek behar bezala funtzionatzeko eta erabiltzaileen eta profesionalen osasuna bermatzeko behar diren jarraibideak emateko, Osasun Sailarekin koordinatuta eta haren eskumen-eremuari dagozkion neurriak alde batera utzi gabe. Koordinazio hori hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adostutako oinarrien arabera garatuko da, honela:

1) Ikuskapen jarraitu bateratuaren neurriei eutsiko zaie, zerbitzu sozial eta soziosanitario guztietako titularrek haiek ezartzen dituzten desinfekzio-, prebentzio- eta egokitzapen-arauak betetzen dituztela ziurtatzeko, halako moldez non zerbitzu horien ohiko jarduera behar den baldintzetan egingo den, kutsatzeko arriskuak prebenitzeko.

2) Osasun-sistemako eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemako agintaritza eskudunen arteko koordinazioa bermatuko da:

– Egoitza-eremuan, desgaitasuna duten pertsonei, adinekoei, adingabeei, bazterketa-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonei zuzendutako egoitza-zentroetan, genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimentzako larrialdi- eta harrera-zentroetan eta tutoretzapeko pisuetan.

– Egoitzetakoa ez den eremuetan, familia-arloko esku-hartze eta bitartekaritzako zerbitzuetan, eguneko zentroetan edo zerbitzuetan (gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei, bazterkeria-arriskuan daudenei, gizarte-babesgabetasuneko egoeran daudenei edo bazterkeria-arriskuan daudenei zuzendutakoak), bai eta desgaitasuna duten pertsonentzako eta adinekoentzako eguneko zentroetan ere.

Sistemen arteko koordinazioaren eremuan sartzen diren zerbitzuek eta zentroek beren jarduerari eutsiko diote.

3) Adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentro sozial eta soziosanitarioetako titularrek COVID-19aren inguruan eguneratutako kontingentzia-planak izan behar dituzte, egoiliarren, langileen eta haien kontaktuen artean gerta daitezkeen kasuak garaiz identifikatzeko; eta, hala badagokio, dagokion osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatu behar dituzte:

– Zentroetako titularrek antolamendu-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte langileei, erabiltzaileei eta bisitariei dagokienez, kutsatze-arriskuak prebenitzeko.

– Apartatu honetan aipatzen den informazioa eskuragarri egongo da agintari eskudunek hala eskatzen dutenean.

4) Infekzio aktiboa detektatzeko probak (IADP) egingo zaizkie egoitza-zentro soziosanitarioetan (adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan) sartu berri diren pertsona guztiei, indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotakoak, eta gehienez ere 72 ordu lehenago egingo dira.

Indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa detektatzeko probak (IADP) egingo zaizkie, Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako zirkuituen arabera, baimenetatik eta oporretatik itzultzen diren langileei, eta desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan sartzen diren langile berriei.

Indarrean dauden zaintza epidemiologikoko protokoloetan jasotako infekzio aktiboa hautemateko probak (IADP) egingo zaizkie desgaitasuna duten pertsonen eta egoiliarrekin harreman zuzena duten adinekoen egoitza-zentro soziosanitarioetako langileei.

5) Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan, 2020ko abenduaren 23tik 2021eko urtarrilaren 6ra, bi pertsonara mugatuko dira bisitak egoiliar bakoitzeko, eta prebentzio-neurriak zorroztuko dira. Egoiliar bakoitzeko, gutxienez astean bitan bisitak egiteko aukera emango da, eta, ahal dela, pertsona berdinek egingo dituzte. Bisita bakoitzak gehienez ordubeteko iraupena izango du:

– Zentroak bisiten maiztasun eta dibertsitate handiagoak baimendu ahal izango ditu, egoiliarraren zirkunstantzia pertsonalen, loturaren eta osasun-larrialdiko egoera deklaratu aurreko dinamikaren arabera.

– Erakunde eskudunek, zentroak une bakoitzean duen egoera epidemiologikoa eta zentroen edo zerbitzuen eraginpeko lurralde-eremua kontuan hartuta, bisita horiek bertan behera utzi ahal izango dituzte, baita erabat ere, 100.000 biztanleko kasu positiboak 500 baino gehiago direnean.

6) Adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentro sozialetan eta soziosanitarioetan, batez ere, ibilaldi terapeutikoak egingo dituzte erabiltzaileek, egoitzaren inguruko espazio irekietan eta senitartekoek edo hurbilekoek lagunduta.

Gehienez ere, astean bi irteera egin ahal izango dira egoiliar bakoitzeko, egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen duen zentro guztietan. Irteera horietan, saihestu egingo dira, kasu guztietan, espazio itxiak eta jendetsuak. Irteerek, gehienez, ordubeteko iraupena izango dute, eta egoiliar bakoitzeko gehienez ere bi pertsonaren laguntzarekin egingo dira (senitartekoak edo hurbilekoak, biak ere).

Erakunde eskudunek, zentroak une bakoitzean duen egoera epidemiologikoari eta zentroen edo zerbitzuen eraginpeko lurralde-espazioari erreparatuta, irteera horiek bertan behera utzi ahal izango dituzte, baita erabat ere, 100.000 biztanleko kasu positiboak 500 baino gehiago direnean.

7) Salbuespen gisa, eta 2020ko abenduaren 23tik 2021eko urtarrilaren 6ra bitarteko aldian, aurreko puntuan ezarritakoaz gain, egoiliarrentzat irteera bereziak egin ahal izango dira. Irteera berezitzat hartzen dira egun batean baino gehiagotan gaua igarotzen dutenak, egun batean gaua igarotzen dutenak eta, gaua igaro gabe, espazio itxietan egiten direnak eta bertaratzen direnek kontaktu estua izan dezaketenak.

Irteera bereziak bertan behera geratuko dira egoera epidemiologikoan kasu positiboen 14 eguneko Intzidentzia Tasa Metatua 500 kasu baino gehiagokoa bada 100.000 biztanleko. Hori aplikatzeko, tasa hori gainditzen den begiratu beharko da, dela egoitza-zentroa dagoen udalerriaren eremuan, dela helmugako udalerriaren eremuan.

Egoitza-zentrora itzultzean, COVID-19a zaintzeko eta kontrolatzeko protokoloa aplikatuko da eremu soziosanitarioko egoitza-zentroetan, atal honetako 4. puntuan sarrera berrietarako ezarritako kasuaren eta baldintzen pean. Protokolo horretan azaldutakoari kasu bakoitzean kontuan hartzen diren kautela-neurri gehigarriak gehitu ahal izango zaizkio, planteatutako egoeraren arabera.

Atal honetan jasotakoa jarduteko printzipio orokortzat hartzen da, eta arlo horretan eskumena duen agintaritzak garatu ahal izango du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen