Larramendiko Arnasak Valogreene egitasmoaren aurkako manifestazioa deitu du iganderako

0
695

Goiko irudia, artxibokoa: Bergarako Udala / Beheko testua: Larramendiko Arnasa.

Apirilaren lehenengo astean Eusko Jaurlaritzak Valogreene enpresari atea ireki zion Larramendin erraustegi bat ipintzeko. Gure ustez, erabaki horrek agerian utzi ditu beste behin ere Eusko Jaurlaritzaren asmoak:

1.- Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna enpresa pribatuen interes ekonomikoen alde egitea da, herritarren osasunaren gainetik; zeren Sailburuordetzak oniritzia eman baitio hondakin errausketa aktibitateari, jakinda baserri batetik 125 metrora kokatuko dela, Basalgotik 440 metrora eta Bergarako hirigunetik kilometro batera. Hori guztia azterketa espezifikorik egin gabe.

2.- Eusko Jaurlaritzak jarduera baimentzeko hartutako erabakia gezur handi batean oinarritzen da, ezetsi egiten baitu ezarriko den jarduera hondakinak kudeatzeko jarduera dela, jakinda 155.000 tona paper-hondakin tratatuko dituela urtean (162.00 Tn/urtean Zubietako erraustegian). Nola defenda dezake hori ingurumen-organoak, instalazioan sartuko den lehengaia hondakin gisa katalogatuta badago eta ingurumen-baimen integratuan hondakinak kudeatzeko jarduera ematen bazaio?

3.- Eusko Jaurlaritzak maila demokratiko eskasa erakusten du; izan ere, Bergarako Udalak aurkeztutako alegazioei ez die jaramonik egin ezta gora jotzeko errekurtsoari ere.

4.- Eusko Jaurlaritzak Valogreene proiektua bat datorrela garapen iraunkorreko helburuekin defendatzen du, baina hau da errealitatea: 592.000 Tn/urtean ke isuriko du; 8.000 Tn/urtean hondakin arrisku sortuko du; 90.000 Tn/urtean ur zikin isuriko du; 10 tn/urtean merkurio airera isuriko du. Benetan hau da garapen iraunkorra Eusko Jaurlaritzaren ustez?

Horretaz gain, azpimarratu behar da Valogreenek dagoeneko obra baimena eskatu duela, nahiz eta ebazpena behin betikoa ez den; izan ere, alegazioak aurkeztu genuen guztiok ez dugu erantzunik jaso edo oraindik errekutso aukezteko epean gaude.

Arestian adierazitakoak Eusko Jaurlaritzaren jarrera desegokia islatzen du eta proiektua aurrera doala; hori dela eta, beharrezkotzat jotzen dugu mobilizaziora deitzea, oso kutsagarria den jarduera hori instalatzea ekidin dezagun. Beraz, datorren iganderako, ekainak 19, manifestazioa antolatu dugu, eguerdiko 12:30ean, Bergarako San Martin plazatik abiatuko gara. Ingurugiroaren ankerkeria hau geldiarazteko indarrak batu behar ditugu!!! Datorren domekan itxarongo zaituztegu. Erraustegirik ez, ez Bergaran, ez inon!!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen