“Langileon prekarizazioa eta pazienteekiko arreta okertzea” salatu ditu Aita Menniko ELAk

0
487

Aita Menniko greba astea Arrasaten egindako manifestazioarekin osotu da, eta momentuz 18 greba egun egin dituzte.

Sindikatuak balorazio positiboa egin du, eta iragarri du langileek “mobilizazioekin jarraituko” dutela “enpresak urratsik egiten ez badu”.

Sindikatuak gaitzetsi du “zuzendaritzak grebaren iragarpenaren zein greba egunetan izandako jarrera errepresiboa”, “langileei beldurra sortzen ahalegindu direlako”.

Gogoratzekoa da Aita Mennin ez dela hitzarmena berritu 2017tik, “lan karga handiak ditugu langileok, eta ez ditugu pazienteak behar bezala artatzen (medikuak, erizainak eta erizaintzako laguntzaileak falta dira, batez ere)”.

Gutxieneko zerbitzuak “gehiegizkoak izan dira eta grebarako eskubidea urratu dute”. Egoera honetan, ELAk bilera eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, baina “ez dugu erantzunik jaso”.

Era berean, “onartezina da greba egun batean ohiko egunean baino langile gehiago egotea”. Izan ere, “Unitate bakoitzeko langile batek bakarrik egin dezake greba; eta EAEko Aita Menniren kanpoko zentroetan ez dute grebarako eskubiderik ere, nahiz eta atxikimendua adierazi”.

ELAk azaldu duenez “gutxieneko zerbitzuei buruzko dekretuan langileek egin beharreko lanak jasotzen dira, orain arte ez bezala. Lehen, zuzeneko arretarekin lotutako zereginak bakarrik egin behar ziren; orain, berriz, terapiak onartzen dira, baita deiak ere…”.

Grebalariek gogora ekarri dute “Aita Mennik zerbitzu bat ematen duela Osakidetzak Gipuzkoan eskaintzen ez duen osasun mentalaren esparruan”. Pribatizazioak “langileon prekarizazioa eta pazienteekiko arretaren okertzea” eragiten ditu, “Aita Mennin gertatzen den bezala”.

ELAk ere aurpegiratu die erakunde publikoei gatazka honen aurrean duten jarrera: “Arrasateko Udal Gobernuak ez du langileok otsailaren 1ean aurkeztutako mozioa babestu, erakunde pribatu bati lotutako gaia dela argudiatuta”.

Erakunde publiko batzuen “jarrera onartezina da herritarren osasunarekin lotutako gai bati buruz ari garenean”, azpimarratu du bertako sindikatuak.

ELAk herritarren babesa eskertu du eta gatazka hau konpontzeko “beharrezkoak diren edukiak mahai gainean jartzeko” eskatu dio enpresako zuzendaritzari.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen