Langileek eta LABek Prezerorekin akordioa lortu dute lan-baldintzak duinduz

0
930

“Lortu dugu!” adierazi du langileen ordezkaritzak gaurko prentsaurrekoan: “70 eguneko grebaren ondoren Arrasateko lorezainek gaur, lan-akordioa sinatu dute”.

Sindikatuak eta langileek gaur eguerdian akordioaren berri eman dute LABen egoitzan. Ana Sebal Agirregabiria ordezkariak akordioaren nondik norakoak azaldu ditu.

Bere ondoan Jose Luis Hernandez ‘Txiki’ ordezkaria izan da eta beste langile ugari. Arrasateko Lorezaintza zerbitzuan lan egiten duten langileen “lan-baldintzak duintzea lortu dugu”, izan ere, akordioaren edukiak, besteak beste, honakoak dira:

  • Urteko lanaldia murriztu (50 lan-ordu gutxiago urtean)
  • Ordaindutako baimenetan hobekuntzak
  • Langileen soldaten arteko ekiparazioa plus ezberdinen bitartez (orain arte langileen artean zegoen diskriminazioa ezabatuz)
  • KPIak izandako igoerak soldatetan eragina izango du (eros-ahalmena bermatuz). Horretarako, adostu da zerbitzuaren amaieran KPIaren kalkulua egingo da eta eguneratu beharko da lau urteren ondoren, hurrengo adjudikazio berriarekin.
  • Hau guztia espainiar estatuko lan-erreforma ekiditeko klausula bereziekin

LAB sindikatuak langileak zoriondu nahi izan ditu: “Erakutsitako duintasuna eta borrokak lorpen hau lortzeko balio izan duelako, eta zuen borrokari esker akordio hau lortu dugulako”.

Arrasateko herria ere zoriondu dute: “norbanako zein talde, eragile eta kolektiboei, lehen egunetik gure aldarrikapenarekin bat egin duzuelako, langileoi babesa eta elkartasuna adieraziz”.

Era berean, herriari eskerrak eman dizkiote “grebaren egun bakoitzean zuen indarra sentitu dugulako”. LABek berretsi du lanean jarraituko duela:

“Azpikontratazioaren ondorioz, zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku geratzearen aurka azalduko gara, honek dakarren prekarietatearekin behingoz amaitzeko”.

Ildo honetan, “langile guztien duintasun eta berdintasun baldintzak hobetzen jarraituko dugu”. Horregatik prekarietatean dauden “langileak bide honetan borroka egitera animatzen ditugu”. Izan ere, “langileen eskubideen defentsan, borrokak merezi duelako!”.

Udalak adjudikazio berri bat egingo du, eta akordioak finkatu du, “etorkizunean beste enpresa batek zerbitzuaren esleipena lortuko balu, akordio hau bete eta aplikatu beharko du, eta langileak subrogatu beharko ditu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen