Langile baten heriotza eta beste baten istripu larria salatu dira

0
727

Langile bat hil da eta beste bat larriki zauritu da azken egunotan Arrasaten. Eraikuntza lanetan ari zela istripu ez-traumatiko baten ondorioz hil zen hilaren 17an Construcciones Moyua enpresako behargina. Hurrengo egunean, berriz, JMA lantegian makina batek langile bat harrapatu eta larriki zauritu zuen. LABek hildakoaren gertukoei samina adierazi die, eta langile zaurituarekliko elkartasuna erakutzi du.

Beheko testua: LAB.

Aste honetan, uztailaren 17an, Arrasateko eraikuntzako lan batzuetan Construcciones Moyua enpresarentzako lanean ari zela gizon baten bihotzekoa izan zuen. Ondoezik zegoela, ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.

Uztailaren 18an, berriz, Arrasateko JMA enpresan lan-istripu larria gertatu zen. Makina batek langile bat harrapatu eta zauri larriak eragin zizkion gorputzeko hainbat ataletan, baina batez ere aurpegian. Helikopteroz eraman behar izan zuten ospitalera.

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi die senideei, lagunei eta hurbileko guztiei, eta bi lan-istripu horiek salatzeko intersindikalak (LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE) deitutako kontzentrazio baterako deia luzatu du.

Azken honekin, jada 31 dira 2023. urtean lanean hildakoak Euskal Herrian. Ez da onargarria, 2022an 69 pertsonak lan-istripuen ondorioz bizia galdu izana onargarria ez den moduan.

LABek adierazi duenez, ezin da onartu, ezin zaio normaltasuna eman lanera joan eta etxera ez itzultzeari. Horregatik, laneko heriotza guzti-guztiak salatzen jarraituko du.

Betiko arazoek, prebentzio faltak eta produkzioak, langileen osasunari eta bizitzari eragiten dizkie. Patronalak onura ekonomikoak nahi ditu kosta ahala kosta, baina haiek dirua metatzeko dituzten interesek langileen osasunarekin eta ongizatearekin talka egiten dute. Eta egoera hau ez da aldatuko arazoaren oinarrizko arrazoiei erreparatu gabe jarraituz gero, hau da, lan-baldintza kaskarrak eta peoi huts eta ordezkagarri gisa erabiltzen gaituen sistema. Langile-klasea horretaz jabetu eta lan-harremanen sistema eta eredua aldatu arte, batzuen irabaziak lehenesten dituen sistema honek jarraituko du, gehienon, langileon, segurtasunaren eta osasunaren gainetik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen