Egoera hauetan diren arrasatearrei eta debagoiendarrei eskaintzen die, Lanbidek %100ean finantziatuta. Ikastaroa moldeen fabrikaziori buruzkoa da, eta izen-ematea zabalik dago.
Beheko testua eta argazkia: MU.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak ‘Pieza polimerikoak eta aleazio arinak ekoizteko moldeen fabrikazioa’ ikastaroa emango du datorren astelehenetik, urtarrilak 17, ekainaren erdialdera arte.
Ikastaroa eskolaren instalazioetan emango da, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera. Ikastaroak Lanbideren dirulaguntza du, % 100ekoa. Lanbidek Goi Eskola Politeknikoaren eskuetan utzi du ikastaroa kudeatzeko eta emateko ardura, eta eskualdeko langabetuentzat eta ABEEEan dauden langileentzat da.
COVID-19aren pandemiak eragindako ziurgabetasun-egoera dela eta, Lanbidek aukera ematen du plazen % 30 enplegagarritasun-gaitasunak hobetzeko esparru berri batean trebatu eta espezializatu nahi duten langileek betetzeko.
Zehazki, parte hartzen dutenek pieza polimerikoak eta aleazio arinak ekoizteko moldeen fabrikazioa diseinatzen eta fabrikazio horren plangintza egiten ikasiko dute.
Ikastaroak lau modulu izango ditu, saio teorikoekin eta praktikoekin, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko lantegi eta laborategietan:
Moldeen diseinua, moldeen fabrikazioaren plangintza, osagaien lanketa eta, azkenik, doikuntza, muntaketa eta funtzionaltasunaren egiaztapena. Horrez gainera, lanbide-praktikak garatzeko modulu bat egingo da.
Interesatuta daudenek, izena eman beharko dute helbide honetan edo Irune Retolazaren bidez (iretolaza@mondragon.edu). Telefonoa: 664265068.