Lander Beloki izango da Mondragon Unibertsitateko Errektore berria, Vicente Atxa karguan ordezkatuz

0
2819

Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak ezohiko bilera egin du gaur, eta Lander Beloki, egungo Enpresagintza Fakultateko Dekanoa, Mondragon Unibertsitateko Errektore berri izendatzea erabaki du. Izendapen hori 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Gaur egungo errektoreak, Vicente Atxak, 2026ko abenduaren 31n amaituko du Mondragon Unibertsitateko buru gisa egin duen lana, karguan hamabi urte eman eta hirugarren agintaldia bukatzean. «Bere lidergoak modu esanguratsuan lagundu du Mondragon Unibertsitateak gizartean duen eragina sendotzen bai eta Unibertsitatearen hazkundean eta nazioarteratzean ere. Gainera, bereziki azpimarratu nahi dugu bere giza kalitatea eta konfiantzazko harremanak sortzeko duen gaitasuna eta horrek, arrasto sakona utziko du bai Unibertsitatean, bai bertako kide guztiengan», adierazi du Xabier Egibar Gainzak, Mondragon Unibertsitateko Presidenteak.

«Horregatik guztiagatik, Kontseilu Errektorearen izenean, gure esker ona eta aitortza adierazi nahi dizkiot Vicente Atxari bere konpromisoagatik eta egindako lan bikainagatik, Mondragon Unibertsitatea posizio sendoan uzten baitu etorkizuneko erronkei aurre egiteko», gaineratu du Egibarrek.

Halaber, Kontseilu Errektoreak adierazi du Lander Belokin erabateko konfiantza duela etapa berri honetan Mondragon Unibertsitateko buru izateko. Bere ibilbideak eta esperientziak berme sendoa osatzen dute Unibertsitatearen erronkak eta aukerak gidatzeko. «Ziur nago Lander Belokik Mondragon Unibertsitatea osatzen dugun guztion laguntza eta lankidetza izango dituela».

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea

Lander Beloki (Zaldibia, 1971) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Bertan egin zituen unibertsitate-ikasketak eta ondoren doktorego-tesia, mikroekonomiaren eta industria-antolakuntzaren arloan espezializatuta.

1999an hasi zen Mondragon Unibertsitatean lanean, Enpresagintza Fakultateko Ekonomia irakasle eta ikertzaile gisa. 2005az geroztik, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko dekanoa da, eta ardura hori MU Enpresagintza S.Coop.-eko zuzendaritzarekin eta MIK S.Coop.-en ikerketa-arloko zuzendaritza-erantzukizunekin uztartu du. Mondragon Unibertsitateko zuzendaritza-taldeko kidea ere bada.

Bere ibilbidean zehar, kooperatiben, enpresen eta erakundeen inguruko hainbat eginkizun ere bete ditu. Eroskiko Kontseilu Errektoreko kide eta Lagun Aro Segurosen Administrazio Kontseiluko kide izan da, eta aditu gisa parte hartu du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean. Horrez gain, EITBko komunikabideekin ohiko kolaboratzailea izan da ekonomiari lotutako gaiak aztertzen.

Bere ibilbide profesionalari esker, unibertsitatearen, enpresaren eta kooperatibismoaren esparruen ezagutza zabala eskuratu du, bai unibertsitate-kudeaketan bai hainbat erakunde kooperatibotako gobernu-organoetan izandako esperientziaren ondorioz. Esperientzia horiek aukera eman diote unibertsitatearen, enpresaren eta kooperatiba-ereduaren arteko harremanaren ikuspegi integrala garatzeko, baita horiek garapen ekonomiko eta sozialean duten ekarpena ulertzeko ere.

Euskara, gaztelania eta ingelesa hitz egiten ditu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen