Bihar, esaterako, hitzaldi jakingarria izango da ‘Lan esperientzia akreditatzeko baliabideak’ izenburuarekin: “Pertsonek lanaren bitartez garatu dituzten konpetentziak akreditatzeko dauden baliabideak eta eman beharreko pausoak” azalduko dira. Halaber, azokaren harira, Mankomunitateak aurrematrikulatzearen garrantzia azaldu du.
Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azokak gaur ireki ditu ateak eta zabalik izango da bihar bitarte.
Hamazazpigarren edizio hau ere Kulturateko ‘klaustroetan’ eramaten ari da aurrera, eskaintza zabalarekin.

Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak antolatu du eskualdeko 7 Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz.
Debagoieneko Lanbide Heziketako 7 ikastetxeek parte hartzen dabiltza: Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Mariaren Lagundia, Oñati Gestio Heziketa eta Oñati BHI.

Gainera, Bastida Akademiak, IkasDebagoienak, Lanekik eta Debagoieneko Mankomunitateak beren informazio-mahaiak ikusgai eta kontsultagai dituzte.
Mankomunitateak baieztatu du azoka “ikasle, langabe eta prestakuntza bila dabilen edonorrentzat zabalik dagoela”. Ordutegia honakoa da:
Apirilak 1, asteartea, 8:30-14:30 eta 16:00-18:30
Apirilak 2, asteazkena, 8:30 – 14:30

Hasierako Lanbide Heziketa, erdi- eta goi-mailako heziketa zikloak “eta oraindik hain ezagunak ez diren espezializazio kurtsoei buruzko informazioa jasotzen” dabiltza bertaratzen direnak.
Gainera “zalantzak argitzeko aukera paregabea” da. Izan ere, “Lanbide Heziketan hainbat aldaketa ematen ari dira”.

“Eskaintza zabalduz doa, oinarrizko mailetatik hasi eta espezializazio mailara arte. Dual sistema berriaren ondorioz,
ikasleak lehen mailatik egiten dituzten praktikak enpresetan”.
Halaber, Lanbide Heziketa ikasten hasteko bideak ere “zabalduz doaz, geroz eta pertsona gehiagori aukerak emanez”.

Horregatik guztiagatik, Azokaz gain, Lanbide Heziketa berriari buruzko bi hitzaldi antolatu dira:
Gaur, asteartea, ‘Lanbide Heziketa berria. Nik ere LH aukeratu dut’ arratsaldeko 18:30ean, Kulturateko areto nagusian, “gurasoei eta Lanbide Heziketa ikasteko interesa dutenei zuzenduta”.

Lanbide Heziketaren “antolaketa, abantailak eta berrikuntzak azalduko dira lehenengo”, eta ondoren “guraso eta ikasleen esperientziak ezagutu eta zalantzak argitu ahal izango dira”.
Kontuan hartzekoa da “hitzaldiaren aurretik, 18:30ak arte, ikastetxeen informazio-mahaiak bisitatu ahal izango direla klaustroan”.

Bihar, asteazkena, ‘Lan esperientzia akreditatzeko baliabideak’ hitzaldia izango da, eguerdiko 12:30ean, Kulturateko areto nagusian.
Hitzaldi honetan “pertsonek lanaren bitartez garatu dituzten konpetentziak akreditatzeko dauden baliabideak eta eman beharreko pausoak zeintzuk diren ezagutuko dituzte”.

Hitzaldietarako “izena ematea komenigarria da web bidez, telefonoz (943 79 30 90) edo e-mailez debagoiena.goiaz@gmail.com helbidean”.
Azpimarratzekoak dira ere Lanbide Heziketako ikastetxeek Ate Irekiak egiten dituztela, eta aurrematrikularen garrantzia.

Izan ere, “aurrematrikulazioa egitea, maiatzaren 5etik 23ra zabalik egongo dena, garrantzitsua da matrikulaziora begira: matrikulazioaren ordena aurrematrikulazioaren ordenaren araberakoa delako”.
Hortaz, “norbait aurrematrikulatzen ez bada, baina gero Lanbide Heziketan izena ematen badu, aurrematrikulatutako pertsona guztien atzetik egongo da”.

“Aurrematrikulatutako guztiak onartuak izan ostean, plazaren bat geratuko balitz, aurrematrikulatu ez den pertsonak lekua izango luke”.
Aurrematrikulatzea garrantzitsua izateaz gain, pertsonak “zenbat eta aurrematrikulazio aukera gehiago baliatu, aukera gehiago izango ditu, soilik aurrematrikulazio bat bakarrik egiten badu”.





