“Lanbide Eskolan ikasitakoak Erasmuseko praktiketarako eta etorkizunerako oso baliotsuak dira”

0
840

ARETXABALETAKO LANBIDE ESKOLAko Aiur Agirrek Alemanian praktikak egin berri ditu motorren inguruan. Era berean, “erizaintza, laguntza soziala,… gustuko badituzu eman izena hemengo modulu batean, lan-mundurako erremintak emango dizkizulako”.

Neska-mutil askok bezala, DBHko 4. mailan Aiur Agirrek aukeratu behar izan Lanbide Heziketa edo Batxilergoa egin:

“Zalantzak izan nituen, baina azkenean Ibilgailuen Elektromekanikako aukeratu nuen, eta esperientzia ederra izan da modulu hau egitea”.

“Gainera, Alemaniara joateko, beste kultura bat ezagutzeko,… aukerak eman dizkit, eta ez da zaila horrelako beka bat lortzea. Ni pozarren nago hemen eta Aretxabaletako irakasleekin harramenak ere oso onak dira”.

Bai erdi mailan, bai goi mailan, bigarren ikasturteko praktikak Erasmusekin atzerrian egin daitezke, eta 3 hilabete irauten dute.

Gazte aramaioarrak Alemania aukeratu zuen, eta baiezko erantzuna jaso zuen. “Karlsruhe hiri ondoko herri batean egin ditut praktikak, frantziar estatutik eta Stuttgart hiritik gertu”.

Han ziharduela koronabirusaren krisia hasi zen: “Nahiko bitxia izan zen, Euskal Herriko 10 pertsona geunden elkarrekin, eta bigarren astean jakinarazpen bat jaso genuen, Euskal Herrira itzuli behar genuela adieraziz”.

“Nik printzipioz ez nuen itzuli nahi, baina giroan tentsio puntu bat somatzen zen, eta arrazoi ezberdinengatik, 10etik 7 itzuli egin ziren. Handik astebetera beste bat ere bueltatu zen, eta azkenean azpeitiar bat eta biok eutsi diogu hiru hilabeteak”.

Alemaniako praktikak “funtsean hemengoak bezalakoak dira: tutoreak enpresarekin hitz egiten du eta tailer batera zuzentzen zaituzte, adibidez hemen Ribeloga enpresara”.

Ikasleen atzerriko praktiketaz Ikaslan erakundea arduratzen da. “Hasieran erruberen sektoreko tailer batean lan egin nuen, baina ez nenbilen gustura, eta beste tailer batean lanean hasi nintzen”.

Hori ez zen erraza izan, “koronabirusaren ondorioz tailer askok ateak itxi zituztelako, nahiz eta hori egitera beharturik ez zeuden. Adibidez, konponketak egin zitzazketen”.

Gaztea aramaioarrak bere lekua beste tailer batean aurkitu zuen, hain zuzen, “motozerrak, desbrozadorak,… konpontzen zituzten tailerrean. Oso gustura lan egin nuen eta tratua oso ona izan zen. Tailerreko langileak esker onekoak eta jatorrak izan ziren”.

Alemaniarrekin elkar ulertzeko Aiurrek ez zuen ingelesaren beharrik izan, bi arrazoirengatik: “Eurek ingelesez ez zekitelako eta nire aitak alemanez ondo dakienez, berarekin oinarrizko maila bat ikasi dudalako, eta ondo moldatu naiz”.

“Tailerrak eskaini zidan han lanean jarraitzea, eurak nirekin oso gustura egon zirelako, baina han geratu izan banintz Euskal Herriko lagun barik geratuko nintzateke, eta gainera tabernak itxita zeuden”.

Aipatzekoa da “Alemaniako toki gehienetan ez zela konfinamendurik izan, eta guk kalera irteteko aukera genuela”.

Aiur Agirrek Alemaniako tailerrean gauza berriak ikasi ditu: “Aretxabaletan kotxeen munduko gauzak ikasiak nituen eta Alemanian motozerrak eta bestelako aparailu batzuetako gauzak. Halere, hemengo Lanbide Eskolan ikasitakoak (motorraren funtzionamendua, elektrikoa,…) oso baliagarriak izan zaizkit Alemanian praktikak egiteko”.

Erasmuseko azken egunetan “banituen itzultzeko gogo apur batzuk, adibidez lagunekin berriro egoteko. Hala ere, itzultzean 14 egun egon behar izan ditut konfinaturik, atzerritarritik itzuli naizelako”.

Instituzioek markatutako neurri hori ez zaio egokia iruditu: “Gu geunden inguruan ez zegoen koronabirus kasurik, hiriburuetan baten batzuk soilik, baina handik itzultzean konfinamendua egin behar izan dugu. Ez dirudi oso zentzuzko neurria”.

Hemendik aurrera, Aiurrek ildo beretik jarraitu nahi du: “Automozioko bi ikasturte egingo ditut, eta ondoren nahiko nuke unibertsitatean Automozioko Ingeniaritza ikastea. Egia da Batxilergoak ate ugari zabaltzen dituela, baina Lanbide Heziketan oso gustuko gauzak dituzu aukeran”.

“Kotxeak edota erizaintza edota laguntza soziala,… gustuko badituzu eman izena modulu batean – gomendatu du Aretxabaletako Lanbide Eskolako ikasleak – etorkizunerako eta lan-mundurako erremintak emango dizkizu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen