CCOOek jakitera eman du Lan Ikuskaritzak konstruktoraren aurkako %30eko errekargu-prestazioa proposatu duela. Halaber, salatu du “gehiegizko azpikontratazioa eraikuntzako sektorean pertsonak hiltzen ari dela”. Ondorioz “kontrol handiagoa” exijitu du.
Argazkia: MB artxiboa.
CCOO sindikatuak gaur jakitera eman du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak txosten bat aurkeztu duela.
Informeak salatzen du “Altuna y Uria SAk ez zituela segurtasun neurriak ezarri” Santa Teresako igogailuaren lan-heriotzean.
Ezbehar honetan RMP langilea hil zen, 54 urtekoa, Arrasateko Udalak kontrataturiko obretan, aurtengo otsailaren 26an.
Era berean, Lan Ikuskaritzak ere “arau-hauste aktak aurkeztu ditu segurtasun alorreko urraketa larriengatik Altuna y Uria SA enpresaren aurka, hau da, obretako kontratatzaile nagusia”.
Baita ere “Proyectos y Obras Garci SL azpikontrataturiko enpresaren aurka, egoitza Pontevedran, eta langilea bertakoa zela”.
Txostenak ondorioztatu du “istripua bat-batean gertatu zela langilea kubo bat berreskuratu nahi izan zuenean”.
“Kuboa arketa batera jausi zen, arketan ur asko zegoen, langilea arketatik ura ateratzen ari zen, baina arketan harrapatuta geratu zen, urazpian”.
CCOOek salatzen du informeak azaltzen duela “Altuna y Uria SAk ez zuela obretako segurtasun plana bertako jardueraren benetako arriskuetara egokitu”.
Lan Ikuskaritzak zehaztu du “ez zirela nahikoa aurreikusi instalazioetan egin beharreko lanak igogailuen mantentze egokia bermatzeko, ura ateratzeko ponpatze-makinak martxan jarri arte”.
Bestalde, Osalanek egindako txostenak ondorioztatzen du aipatutako segurtasun eta osasun planak ez zuela jasotzen istripua eragindako arriskua.
Osalanen informeak adierazten du ez zela aurreikusi prozedimendu bat definitzeko “igogailuen fosoa mantentzeko segurtasun lan eta neurri zehatzak”.
“Ezta inpulsio arketen segurtasun lan eta neurri zehatzak ere, ura ateratzeko ponpatze-makinak instalatu baino lehen”.
Osalanek ere adierazi du ezin dela akreditatu Altuna y Uria SAk langileari obretako arriskuen inguruko formakuntza eta informazioa eman zizkionik.
Hori “oso garrantzitsua kontsideratzen da langileak argi izan dezan aplikatu beharreko neurri prebentiboak”.
CCOO salaketez eta tramitazioez arduratzen ari da, lan-heriotza argitu dadin.
Sindikatu honek gaitzetsi du eraikuntzako enpresek “urteak daramatzatela torlojuari koska bat gehiago estutzen azpikontratazioan etengabean”.
Azpikontratazioa mekanismo bat bezala erabiltzen dute “kostuak aurrezteko eta neurri prebentiboen inplantazioa kanporatzeko”.
Horren adibide bezala jarri du lan-heriotza honekin lotutako Pontevedrako enpresaren kasua.
CCOOek azaldu du “azpikontratazioak sarritan lan-arriskuen prebentzioan koordinazio arazoak eragiten dituela”.
Gainera, “azpikontrataturiko enpresa hain urrunekoa bada, arazo hauek bermatuta daude, eta koordinazio falta izan da istripuaren arrazoi zuzenetako bat”.
CCOO Euskadiko lan-osasuneko arduradunak, Alfonso Ríos-ek, adierazi du “funtsezkoa dela Lan Ikuskaritzak balora dezala segurtasun eta osasun planaren edukia”.
Izan ere, “agiri hau eta arriskuen ebaluazioak era oso eskasean egin ohi direlako”.
Ildo honetan, CCOOek ezagutzera eman berri du Ausolanek emakumezko langile bati 58.381’07 euroko kalte-ordaina ordaindu behar zizkiola.
Izan ere, langileak “lanean dermatitisarekin gaixotu zen, eta kasu horretan sententziak ebatzi zuen arriskuen ebaluazioa desegokia izan zela”.




