Lan-heriotza salatu dute 5 sindikatuk, udal-gobernuei eskaera eginez

0
262

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk deituta, bilkura egin zen atzo arratsaldean Santa Teresako istripu hilgarria gaitzesteko. Salatu zuten “Osalanek eta Jaurlaritzak ez dituztela eurenak diren eskumenak baliatuko, patronalaren inpunitatea babestuaz”. Ondorioz, udal-gobernuei eskaera egin zieten. Arrasatekoko zenbait partaidek bilkuran parte hartu zuten.

Beheko testua: LAB.

Hildako langilea, 54 urteko R.M.P, Arrasateko udalaren promozio publikoko lan bat burutzen ari zen, kontrata baten azpikontrata batentzako lanean ari zen. Altuna y Uria enpresak azpikontratatutako Proyectos y obras Garci, Galizako enpresarentzako hain zuzen. Lehenik eta behin, LABetik, gure samina eta lankide senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahi genuke.

LABek jasotako datuen arabera, igogailu baten instalakuntzan azken erremateak egiten ari zela 3 metroko altueratik erori zen, eta bertan hil zen. Ez dakigu lan hori bakarrik egiten ari ote zen, ez dakigu altueretako lanak egiteko babes neurririk ba ote zuen, ez dakigu lan hori ikuskatzen inongo errekurtso prebentiborik ba ote zegoen. Dakiguna da istripuaren baldintzak aztertuta, aipatutako derrigorrezko neurri gehienak ez direla bete, hau da, enpresak ez dizkiola bermatu eta horrek eragin duela heriotza.

Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean, beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Gogoratu eraikuntza dela istripu hilgarrietan liderretakoa. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta Gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Praktikan, patronalari ez zaio araudia betearazten eta honen emaitza agerikoa da, bizitzarekin ordaintzen dugularik.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da.

Honen aurrean eta jakinik ez Osalanek ez Jaurlaritzak ez dituztela eurenak diren eskumenak baliatuko, patronalaren inpunitatea babestuaz, udal gobernuei dei egiten diegu kontratazio pleguen bitartez lan osasuneko araudia betetzea eta lan baldintza duinak bultzatu ditzaten. Hau baita egun, promozio publikoko lanen baldintza duinak bermatzeko tresna administratibo erreal bakarra, eskumena dutenek muzin egiten dietelako.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen