AEDk antolatuta, emanaldia Amaia antzokian izango da arratsaldeko 19:30ean.
Beheko testua: Laburbira.
Martxoaren 7an hasiko du bere ibilbidea 2023ko Laburbirak, Irunen, eta Aretxabaletan amaituko da, apirilaren 4ean. Orotara, 31 herritan ikusi ahal izango da 7 filmez osatutako bilduma ikusgarri hau. Egutegi osoa Laburbiraren webgunean dago ikusgai.
7 film laburrek osatzen dute sorta, horietako asko ibilbide oparoa egindakoak dagoeneko mundu zabaleko zinema festibaletan. Hauexek dira, hurrenez hurren:
-Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martinen “OLATUEN ISILTASUNA”, Kameratoia lehiaketako lan irabazlea.
-Marina Perosanzen “MUSKIL”
-“KOADRO GORIARI HELDU” (Iulen Arana).
-“IRRITS” (Maider Oleaga)
-“ASKO FALTA DA?” (Ane Cuesta)
-“ERLOJUPEKOA” (Leire Egaña)
-“HITZAK” (Josu Martinez)
Gaur egungo euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbiraren XX.edizioko film-labur sorta. Eta eduki zein estiloz denetariko lanez osatua dagoenez, euskal sortzaileen lanetaz gozatzeko aukera emango die herritarrei. Izan ere, eta urtero lez, aurtengoan ere hainbat zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da zenbait emanalditan.
Laburbira zirkuitoa Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, ikus-entzunezkoen sorkuntza hauspotzeko bultzatzen dituen beste hainbat egitasmorekin batera: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, DemaSA lehiaketa eta Kameratoia.
XX. edizioa beteko du 2023an Laburbirak, euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak, eta urtez urte sendotzen doa egitasmoa. Horren erakusgarri, aurtengo ediziora aurkeztutako lan kopurua: 28 lan aurkeztu dira Laburbirara etahorietarik, 7 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Aukeraketa prozesu hau lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontutan hartuz burutu da, 80 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu eta ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz.
Laburbiraren aurtengo edizioari buruzko informazio osoa esteka honetan aurkitu dezakezue.