LABURBIRAren XIX edizioa, euskarazko film laburren zirkuito ibiltaria, Arrasaten izango da martxoaren 22an

0
278

Otsailaren 25etik apirilaren 4ra bitartean 29 herritan ikusi ahal izango dira 2022ko Laburbiran bildutako 9 film laburrak.

Testua: Laburbira.

Otsailaren 25 ean hasiko du bere ibilbidea 2022ko Laburbira film laburren zirkuitoak, Areatzan. Lantaronen amaituko da, apirilaren 4ean. Orotara, 29 herritan ikusi ahal izango da 9 filmez osatutako bilduma ikusgarri hau. Egutegi osoa Laburbiraren webgunean dago ikusgai. Askotariko lanez gozatzeko aukera izango du ikusleak, eduki zein estiloz aniztasun handiko bilduma osatu baita aurtengo edizioan.

9 film laburrek osatzen dute sorta, horietako asko ibilbide oparoa egindakoak dagoeneko mundu zabaleko zinema festibaletan. Hauexek dira, hurrenez hurren:

-Iban del Campo arrasatearraren SERENDIPIA.

-Iazko Kameratoia rallyko lan irabazlea: ITSASOAREN MUGIMENDUA

-Paula Iglesiasen LANBROA

-FALTA ZAIZUNA (Jose Luis Lopez).

-HURRENGO GELTOKIA (Naia Aizpurua)

-REWING (Amaia San Sebastian)

-TURNOKA (Aitor Alberdi)

-SUBANDILLA (Josu Martinez)

-ITSASO (Sergio Martinez)

Euskal zinemagintzaren erakusgarri aparta da Laburbira, 2021 urtean zehar ekoitzitako film-labur adierazgarrienak ezagutu eta berauetaz gozatzeko aukera eskaintzen baitie herritarrei. Urtero lez, gainera, aurtengoan ere zuzendariekin solasaldia egiteko aukera izango da hainbat emanalditan.

Laburbira zirkuitoa Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, ikus-entzunezkoen sorkuntza hauspotzeko bultzatzen dituen beste hainbat egitasmorekin batera: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea, DemaSA lehiaketa eta Kameratoia.

XIX. edizioa beteko du 2022an Laburbirak, euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak eta urtez urte sendotzen doa egitasmoa. Horren erakusgarri, aurtengo ediziora aurkeztutako lan kopurua: 19 lan aurkeztu dira Laburbirara etahorietarik, 9 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Aukeraketa prozesu hau lurraldetasuna, genero berdintasuna eta lanen maila kontutan hartuz burutu da, 80 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu eta ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz.

Laburbiraren aurtengo edizioari buruzko informazio osoa esteka honetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen