LABek azaroaren 11ko greba orokorraren deialdia berretsi du Arrasaten, etxebizitza eta soldata duinak aldarrikatzeko

0
1416

LAB sindikatuak azaroaren 11ko greba orokorrerako deialdia berretsi du Arrasaten egindako agerraldian. “Euskal Herritik Euskal Herrirako” greba izatea nahi du sindikatuak, eta pobretzearen eta errentismoaren aurkako neurriak eskatu dizkie bertako patronalei eta erakundeei. Etxebizitza eskubidea bermatzea eta langileen soldata duinak defendatzea izango dira mobilizazioaren ardatz nagusiak.

LABen arabera, etxebizitzaren garestitzea langileen pobretzearen eta prekarizazioaren arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzea dakar. Sindikatuak uste du etxebizitzaren inguruko espekulazioari aurre egiteko eta bizi-baldintzak hobetzeko egiturazko neurriak behar direla. Azken asteetan etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioak indartu direla eta, greba orokorra erantzun bateratua emateko aukera dela nabarmendu du.

Grebaren bidez, Euskal Herriko marko propioa indartu eta bertako patronalak zein erakundeak soldata eta etxebizitza arloetan neurriak hartzera bultzatu nahi ditu LABek. Confebask eta CEN patronalei soldaten erosahalmena bermatzeko eta gutxieneko soldata propioaren inguruko negoziazioa abiatzeko eskatuko die. Sindikatuaren proposamenaren arabera, gutxieneko soldata hori 1.500 eurokoa izan beharko litzateke.

Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, berriz, etxebizitza politika ausartagoak garatzeko eskatu die. Besteak beste, alokairu mugagabeak ezartzea, etxebizitzen prezioak jaisteko esku hartzea, etxegabetzeak geldiaraztea, funts putreen esku dauden etxebizitzak berreskuratzea eta etxebizitza parke publikoa handitzea proposatu ditu.

LABek, halaber, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartzearen beharra azpimarratu du. Ildo horretan, EAJri eskatu dio azaroaren 10ean Espainiako Kongresuko Batzorde Iraunkorrean bozkatuko diren etxebizitza dekretuen alde egiteko. Sindikatuaren iritziz, neurri horiek ez dira nahikoak, baina maizterren egonkortasuna eta bizi-baldintzak hobetzeko baliagarriak izan daitezke.

LABek antolakuntza eta borroka sindikala jo ditu pobretzearen eta etxebizitzaren espekulazioaren aurkako erantzunaren oinarritzat, eta azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin die langileei.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen