Arrasate inguruko mendixkak orain “gehiago baloratzen” ditugula azaldu digute bertako mendizale batzuek, “baloratu eta zaindu beharreko altxorrak”.

San Kristobal, Anporreta, Kurtzetxiki,… ohi baino herritar gehiago hartu dituzte deskonfinamendua hasi zenetik. Gu 532 metroko gailurrean izan gara, eta mendizale batzuek ondoko galderari erantzun diote: Zer suposatzen du zuretzat Kurtzetxikik garai hauetan?

Iñaki Urionabarrenetxea:
“Kurtzetxiki igotzeko ohitura daukat, eta deskonfinamenduko lehen egunetan jende asko etorriko zela aurreikusita, gurago izan dut egun batzuk igarotzen uztea eta gaur igo naiz lehen aldiz deskonfinamendua hasi zenetik”.
“Kurtzetxiki herritik ordu erdi batera baino ez dago, mendiz inguratuta dagoenez ikuspegi ederra dauka, eta deskonektatzeko oso ondo dago”.
“Etorkizunera begira, ea poliki-poliki beste mendi batzuetara ere joateko aukera dugun. Diotenez birusarekin elkarrekin bizi beharko dugu, eta ohitu beharko gara”.

Oier Arana:
“Haurtzaroan gurasoekin etortzean Kurtzetxikiko gailur hau pinuz beterik zegoen. Orduan ez zeuden egungo bista ederrak”.
“Duela egun batzuk Kurtzetxikiko gailurra ezagutzen ez zuten lagun batzuekin etorri nintzen, eta asko gustatu zitzaien, bista ederrak daude”.
“Konfinamendu garai hauetan Kurtzetxiki arnasgune bat da, etxetik irten eta kirola egiteko aukera ematen dizu”.

Beñat Barrena:
“Etxean denbora luzea eman behar izan ondoren, irteteko eta libre egoteko gune bat da Kurtzetxiki. Konfinamenduaren ondorioz, orain mendi hau baloratzen hasten hasi gara, lehen baino gehiago bederen”.
Adrian Ugalde:
“Arrasatetik hurbil dagoen landa-eremu bat da, kaletarrok ez duguna baloratzen. Orain Kurtzetxikik leiho bat ireki digu landa-eremu hau eta berau zaintzen duten langileen lana baloratzeko”.
“Kurtzetxiki eta beste paraje batzuk Arrasaten izatea luxu bat da. Beraz, behar bezala baloratu eta zaindu behar ditugu”.