Kulturolako mendebaldeko fatxadan murala egiteko lehiaketa zabaldu du Arrasateko Udalak

0
1132

Testua: Arrasateko Udala

Eraikinaren historiari erreparatuz, muralaren gai nagusia Arrasateko industria izango da. Helburua da Kulturola kultur lantegi baten ideiarekin lotzea eta, aldi berean, herriko industria tradizio eta jardueraren testigantza ere jasotzea. 

lehiaketan parte hartu ahal izango dute adin nagusiak diren artista norbanakoak edota taldeak eta Interesdunek ekainaren 12a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. 

Epaimahai bitartez hiru proiektu finalista aukeratuko dira eta arrasatearrek bozkatzeko aukera izango dute. 

Kulturola eraikina Arrasateko industria ondarearen ikono garrantzitsuenetarikoa da, Unión Cerrajera lantegiaren sarrera nagusia izan baitzen urte askotan zehar.  Behin lantegiaren ateak itxita, baina, Udalak eraikina berreskuratu nahi izan du, kasu honetan, udal euskaltegia eta herriko eragileen jarduna bertan kokatzeko. 

Helburu horri helduta, eraikinaren birgaitzea aurrera doa eta 2021eko azken hiruhilekorako obrak amaituta eta 2022ko lehen hiruhilekorako eragileak lekualdatzea aurreikusten du Udalak. 

Denbora tarte horretan, baina, eraikinaren itxura-berritze lanen baitan, Arrasateko Udalak, birgaitze proiektuari jarraiki, eraikineko mendebaldeko fatxadan horma irudi edota mural bat margotzeko lehiaketa jarri du abian. 

Gauzak horrela, muralaren gai nagusia Arrasateko industria izango da, hain zuzen, herriko industria tradizio eta jardueraren testigantza jasotzeko helburuarekin. Ildo beretik, lehiaketaren helburua da, baita ere, Kulturola kultura lantegi baten ideiarekin lotzea eta artearen zein sorkuntzaren zabalkundean eragitea. 

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute adin nagusiko artista norbanakoek zein taldeek ere. Lehiakide bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du eta taldeen kasuan, kideek ezingo dute beste proposamenik aurkeztu banaka. Murala egiteko gehienezko aurrekontua, halaber, 5.000 eurokoa izango da eta kopuru honen barruan jasoko dira produkzio gastu guztiak, hala nola, muntaia, makineria, materiala…

Interesdunek ekainaren 12a arte izango dute beren proposamenak aurkezteko epea. Diseinuak Arrasateko udaletxean bertan edo BAZen aurkeztu beharko dira. 

Ondorengoak dira lehiaketara aurkezteko ezinbesteko baldintzak: 

  1. Muralaren diseinua lehiaketako oinarrietan zehaztutako kokaleku eta neurrietara egokitzea. 
  2. Denboran iraungo duten materialak erabiltzea (murala kanpoaldean kokatuko baita). 
  3. Aurkeztutako lana originala eta argitaratu gabea izatea. 
  4. Aurkezten diren norbanako edo taldeek murala gauzatzeko gaitasun eta kaudimen teknikoa izatea. 

Azken hitza arrasatearren esku

Lehiaketa hiru fase nagusitan banatuko da. Lehen fasean, proposamenak aurkeztuko dira eta behin guztiak jasota, bigarren fasean, lehiaketako epaimahaiak hiru diseinu finalista aukeratuko ditu. 

Proiektu horiekin zein gainerako guztiekin erakusketa bat egingo da Kulturaten uztailaren 2tik 10era bitartean eta denbora tarte horretan, 16 urtetik gorako arrasatearrek hiru diseinu finalisten artean gustukoena bozkatu ahal izango dute, Kulturaten bertan zein webgunearen bitartez. 

Lehiaketaren hirugarren eta azken fasean,  halaber, arrasatearren azken hitzarekin, lehiaketaren irabazlea izendatuko da uztailaren 18an eta honek irailean zehar gauzatuko du murala. 

Lehiaketaren oinarrian eta honen inguruko informazio gehigarri udal webgunean dago eskuragarri. 

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen