Kulturola eraikina birgaitzeko lanak “2021aren amaieran bukatuko dira”

0
146

Kulturola edo erlojuaren eraikina bezala ere ezaguna, Union Cerrajeraren konplexu erraldoiaren zati zen. Interes kulturaleko ondasun gisa katalogatuta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren ondarearen inbentarioan dago. Luis Astiazaran euskal arkitektoak eraiki zuen 1939an, eta garaiko eraikuntza-teknikarik modernoenak erabili zituen. Industria-arkitekturaren mugimendu moderno eta arkitektura industrialaren adierazlea.

Jovino Martinez Sierra arkitektoak proiektua zein etapatan garatu den ere azaldu du gaur eguerdian. Hasteko, Luis Astiazaranen hasierako proiektuaren azterketa bat egin du, eta ondoren eraikinean egin dituzten esku-hartze guztiak azteztu dituzte. “Hasierako tipologia aldatu duten esku-hartzeak izan dira, eta zaharberritze proiektuan berreskuratzen saiatu gara, eraikinaren jatorrizko balioak lehengoratzeko. Hormigoizko egitura handi bat, argi handiekin. ” Berreskuratu diren jatorrizko elementuen artean daude beirate handiak, fatxaden antzinako hutsuneak, “fatxadak jatorrizko egoerara itzuliz”, eraikinaren estalkiaren 24 argizuloak.

Birgaitze lanak amaitzen direnean Kulturolak Udal Euskaltegiaren eta herriko hainbat kultur elkarte eta eragileren egoitza izango da, eraikina kultur eta gizarte gune erreferente bihurtuz: Izaskun Murgia Lirika Elkartea, Konpartsa, Zaldibar futbito, Bertso eskola, Doke antzerki taldea, Santamas komisiñua, Gaiteroak, Portaloi, Lore Gazteak dantza taldea, Txikitxu Arrostaitz dantza taldea, Bertso eskola, Trikitixa Eskola, Ttakun txalaparta, Udalaxpe txistulariak, Loixe zeramika, Margo taldea, Sambamaña eta SUDC. Jada eragileek bisitatu dute eraikina. Martinez Sierrak azaldu duenez, “Elkarte bakoitzaren beharrak kontuan hartu dira lanak egiteko orduan”.

Eraikina bi nukleotan banatzen da pasabide bat tartean, bakoitza bere eskailerarekin “kontserbatu den eta eraikinaren jatorrizko eskailera zen eskailera historikoa, eta eraikinaren beste hegalari zerbitzua emateko eraiki den eskailera berria.” Eraikinak irisgarritasun-zerbitzu guztiak ditu, hala nola igogailuak, eta eraikin jasangarria izateko azken teknologiak ditu. “Eraikinaren estalkian 85 plaka fotovoltaiko eta bi aerotermia aparatu jarriko dira. Aerotermikoak eraikinaren klimatizazioa modu eraginkorrean ahalbidetzen du. “


Gaur egun, obraren %50 eginda dago, eta Martinez Sierraren arabera, “Obra urte honen amaierarako bukatuko da, une honetan akaberak eta beharrezko ekipamenduen instalazioa baino ez baitira falta.” Lana osatuko duten xehetasunen artean, erlojuaren konponketa eta Kulturolako kartela egongo dira. Horretarako, Union Cerrajeraren letretan erabilitako letra mota bera erabiliko da.

Amaitzeko, datozen hilabeteetan eraikinaren albo bat apainduko duen murala aukeratzeko lehiaketa jarriko dute martxan. Arrasateko Udalak jarriko du martxan lehiaketa hau.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen