Taldeko ikasleek eta irakasleak gaitzetsi dute Kulturateko “klimatizazio sistema 2025eko urtarrilean hondatu zela, eta ordutik konpondu ez dela”. Udalak erantzun du “100.000 euroko partida sartu zela aurtengo aurrekontuetan”, eta “pleguak prest izango direla uztail bukaeran-abuztu hasieran”. Irailean lizitazioa irekita, ordutik “3-5 hilabete” igaroko dira “ekipoa martxan jartzerako”.
Bideoak: Kulturateko Margo Taldea.
Kulturateko margo taldeko kideek eta bertako irakasle Amaia Bengoa Sanchok euren “kezka eta haserrea” adierazi dituzte.
Izan ere, jakitera eman dute Kulturateko “klimatizazio sistema 2025eko urtarrilean hondatu zela, eta ordutik konpondu ez dela”.
Denbora honetan “muturreko tenperaturak jasan behar izan ditugu: hotza neguan eta bero jasanezina udan”.
Adierazi duten bezala “margolaritza eskolak eraikineko ganbaran, teilatuaren azpian ematen dira, arratsaldeko ordutegian”.
Aurtengo maiatzeko beroaldiko zenbait egunetan esaterako “gela barruko tenperatura etengabe 32 gradukoa” izan da, “eta horrek jarduera normaltasunez egitea ia ezinezkoa bihurtzen du”.
Testuinguru honetan, egun batean gutxienez “lau ikasle bakarrik etorri ziren eskolara, ikasleen %20 inguru, beste ikasleak beroaldiaren ondorioen beldur zirela”.
Ikasleen artean “7 urteko haurretatik hasi eta 90 urtetik gorako pertsonak daude”, eta klimatizazioa hondatuta egoteak “pertsonon osasuna arriskuan jar dezake”.
“Ulertzen dugu tramite administratiboak edo burokrazia kontuak egon daitezkeela, baina ulertezina da hainbeste denbora igaro ondoren”, 2026ko udan “konponbiderik eman ez izana eraikin publiko batean”.
Horregatik, “Arrasateko Udalari premiaz eskatzen diogu Kulturateko klimatizazio sistema lehenbailehen konpon dezala, erabiltzaile guztientzat baldintza duin eta seguruak bermatzeko”.
Helburu horrekin margolaritza ikasleen, bestelako kaltetuen eta familien ehun sinadura inguru aurkeztu dituzte BAZen.
Udalak gaur jakitera eman du “100.000 euroko partida sartu zela aurtengo aurrekontuetan eta 2026an zehar egiteko partida da”.
Aurreikuspenen arabera “pleguak prest izango dira uztail bukaeran-abuztu hasieran, iraileko lehen TGBan (Tokiko Gobernu Batzarrean) onartzeko eta lizitazioa publikatzeko”. “Hortik aurrera 3-5 hilabete ekipoa martxan jartzerako”.




