Lukas Iruretagoiena Zubeldiak bertatik bertara bizi izan zuen, besteak beste, Kubatar Iraultzaren garaipena Habanan sartzean.
Argazkiak: Alex Turrillas Aranzetaren bloga.
Atzo, astelehena, 64 urte bete ziren Kubatar Iraultzak ofizialki Habana hartu zuenetik, eta Lukas gertaera historiko hartan izan zen.
Lukas 1921eko apirilean jaio zen Deban, Jesusa eta Tomasen seme, 9 seme-alabako familian.
Gaztetan apaiztu zen eta Kubara misiolari bidali zuten, Askapenaren Teologiaren ikuspegi kristau-marxistaren hastapenetan, 50en hasieran.
Diktaduraren aurkako Iraultza lehertu zenean, frantziskotar ugarik bat egin zuten iraultzaileekin, bai sasira joanez, bai informatzaile edota laguntzaile gisa.
Lukas 1956aren hasieran Sierra Maestrara joan zen gerrilari. Badirudi ardura militarrak izan zituela gerrillan, eta egoera arriskutsuak bizi izan zituela, Alex Turrillas Arranzek bere blogean azaltzen duenez:
“Sierra Cristal-go frontean, Raul Castroren buruzagitzarekin, arrisku askori eta etsaien enfrentamentu askori izkin egin behar izan zien, beti mugitzen mendilerroko mendi itxietan zehar”.
Iraultza diktadurari 1959ko urtarrilaren 1ean gailendu zitzaion, eta garaipenak poz handia eragin zuen kubatarren artean. Lukasek sortutako ‘Unión Once’ aldizkariak ere hala islatu zuen.
Denboraren poderioz eta AEBen blokeoaren ondorioz, Kubako Gobernuaren eta Elizaren arteko harremanak okertu egin ziren.
1966an Lukas Euskal Herrira itzuli zen, eta urte ugari eman zituen Arrasaten, batez ere San Frantzisko elizako organista moduan.
90etan, Kubara bisitan itzuli zen, maite zuen irlara, eta “opari nahiz diru ugari eraman zituen hango lagunei laguntzeko”. Kuban harrera egin zioten “compañero Iruretagoyena” gisa.
Arrasaten bizi zenean, Josu Zugasti ‘Xusti’ arrasatearrak Lukas ezagutzeko aukera izan zuen, eta Kubako bere bizipenak kontatu zizkion:
“Kuba oso maite zuen eta AEBen blokeoa gorroto zuen”, gogoratu du ‘Xusti’k duela gutxi, eta Kubatar Iraultzako “gerrallian gerrillero ibili zela” gehitu du.
90etako bisitaren harira, ‘Xusti’k gogoan du “esan zidala Kuban harrera ofizial bat egin ziotela, eta egunkari bateko errekorteak erakutsi zizkidan, non bera azaltzen zen. Gehitu zuenez Fidel Castrorekin gutxienez behin elkarrizketatu zen”.
Lukas Iruretagoiena Zubeldia 2002an zendu zen Bermeon, San Frantzizko elizan organista eta Kubatar Iraultzan gerrillari.
Informazio zabalagoa hemen klikatuz
Artikulua osatzen gabiltza