“Orain arteko krisia gaindituta, Iturbide bisitetarako prestatzen gabiltza”

0
639

Bertako zuzendaria Olatz Etxabek azaldu du sendatzeko falta zen azken egoiliarrak alta jaso duela. Krisian 54 egoiliar sendatu dira eta 26 zendu dira koronabirusarekin. “8k antigorputzak garatu dituzte”. Aldundiak Jaurlaritzari eskatu dio bisitei datorren astean berrekitea.

Arrasateko egoitzak Covid-19aren krisialdia gainditu du. Izan ere, bertako egoiliar bat sendatzeke geratzen zen, eta azkenean osatu da:

“Astelehenean proba berri bat egin zioten eta atzo alta jaso zuen” azaldu digu Iturbideko zuzendaria Olatz Etxabek.

Martxoaren 8tik guztira Iturbideko 32 egoiliar zendu dira. Horietatik 6 koronabirus barik hil dira, eta 26k gaixotasun honekin.

Data horretatik ere denera 54 egoiliar sendatu dira. 16k negatibo eman dute proban, eta azpimarratzekoa da horietako 8k antigorputzak dituztela, “gaixotasuna sintoma barik igaroz”.

Gaur egun guztira 70 egoiliar ditu Iturbidek, eta krisia gainditzearen abantailetako bat da “egoiliarrak orain egoitzako solairu ezberdinetatik paseatu ahal dutela, orain arteko muga barik”.

Egun hauetan Iturbide lanean dabil egoiliarrek senideen bisitak jaso ahal izateko, betiere segurtasun- eta osasun-neurri guztiak hartuta. “Bisitak behar bezala egiteko, babes-pantailak eta neurri gehiago jarriko ditugu”.

Oraingoz senideek ezin dute egoitzan bisitarik egin: “Bisitak egiteko baimena eskatu dugu baina oraingoz ez digute uzten. Teorian 3. fasea lortu arte ezingo da inolako bisitarik egin”.

Hala ere, “Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bisitak datorren astean berriro egiten hasi ahal izatea, betiere behar bezalako neurriak hartuta”.

Bitartean, egun hauetan, hainbat senide egoitzaren kanpoaldera bertaratzen dira. “Senideek abisatzen digute bertan daudela, eta guk egoiliarra balkoira edo leihora eramateaz eta berarekin egoteaz arduratzen gara”.

Horrela behintzat egoiliarrek eta euren senideek elkar ikus dezakete eta hitz egin dezakete. Animo guztiei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen