“Krisi ekologikoak euskararengan eragina izango du ere.”

0
220

AED elkarteak antolatuta, Joanes Igeregi Sukar Horia kolektiboko kideak euskara eta krisi ekologikoa ardatz izan dituen hitzaldia eskaini du Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Sukar Horia kolektiboak krisi ekologikoaren eta klima larrialdiaren inguruan kontzientzia pizteko eta lan egiteko helburua duen talde ekologista da. Saio honekin, Euskara Zubi zikloari eman dio hasiera AEDk.

Igeregik 2022ko uztailean EHUn aurkeztu zuen master amaierako lana aurkeztu du hitzaldian. “Lan pertsonal baten emaitza da, baina gero, talde gisa, sozializatzea erabaki genuen. Hitzaldi honen helburua krisi ekologikoak euskaran izan ditzakeen ondorioak mahai gainean jartzea da. Hasiera batean arraro samarra dirudien arren, premisa da krisi ekologikoak eragina izan dezakeela gizartean, eta gizartearen aldaketa horiek eragina izan dezaketela euskaran.”

Hitzaldia bi zatitan banatu da; batetik, ibilbide historikoa egin du: gizakiaren eta naturaren arteko harremana, gizartea antolatzeko moduak eta aniztasun sozio-linguistikoa nola aldatu diren laburbildu ditu. Hitzaldiaren bigarren zatian, krisi ekologikoaren ondorioz gizartean izango diren aldaketak aztertu ditu, eta aldaketa horiek euskararengan izan ditzaketen ondorioak eta euskalduntasuna egokitzeko egin ditzaketen aldaketak aztertu ditu.

Igeregik azaldu duenez, “hainbat aldaketa gerta daitezke. Gizartearen antolaketari dagokionez, aztertzen ari garen hipotesi nagusia da energia eta material gutxiago egongo den mundu baterantz goazela, eta, horren ondorioz, gizakiaren jarduera guztiak motelago joango direla, dena maila lokalago batean gertatuko dela, eta harreman hurbilagoetan oinarrituko direla jarduera guztiak, ekonomia, estatuarekin lotutako jarduerak, baita harreman pertsonalak ere.”

Euskararengan izango lituzkeen ondorioei dagokienez, Igeregik esan du “kontrako ondorioak egon daitezkeela. Alde batetik, oro har baliabide gutxiagorekin, euskararen alde lan egiteko baliabide gutxiago ere egongo direla pentsa dezakegu. Ondorio negatiboetako bat litzateke. Bestalde, positiboki ikusita, harremanak maila lokalago batean ematen badira, hori mesedegarria izan daiteke hizkuntza txikientzat. Bizi garen globalizazioa murriztea eragin dezake. Badira kuantifikatzeko zailagoak diren beste faktore batzuk ere, hala nola krisi ekologikoaren ondorioz gerta daitezkeen migrazio-mugimenduak eta euskararengan izan ditzaketen ondorioak.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen