Kortaburu gaina Erregebidea-Bedoña ibilbidean sartu du Udalak

0
645

Besaide Mendizale Elkarteak proposaturik, Etxezarretako gailurrik altuena ibilbidean sartu da. Helburuak dira “inguruko balio naturala eta paisaia sustatzea eta ezagutaraztea”, besteak beste.

Gaur egungo PR-Gi 91 Erregebidea-Bedoña bidea Arrasateko ospitalean hasi eta Oñatiko Zubillaga auzorantz doan ibilbide bat da.

Udalak azaldu duenez, bide hori “Erdi Aroan Gaztela eta Frantzia lotzen zituen Errege Bide zaharretik”.

Ibilbidea Andramarizuriko baselizatik igarotzen da (Txaeta inguruan) eta Errekabarreneta errekaren ertzean jarraitzen du, Bedoñako behealderaino igotzeko. Hortik Larragaingo tontorrera igotzen da, berriz ere ospitalera itzultzeko.

11 kilometro horietan, aipatutako bideak Arrasateko ingurune natural eta historikoaren zati bat zeharkatzen du. “Balio handia du – azpimarratu du Udalak – bai natura aldetik, bai ondare aldetik”.

Ibilaldian zehar, Santa Eulalia eliza, San Jose baseliza eta Andramarizuri baseliza ikus daitezke, baita Kurtzetxikiko artadi kantauriarra zeharkatu ere, “ekosistema aberats bezain konplexua”.

2019an, Udalak Etxezarretako lursaila erosi zuen, 83 hektarea zabal, behealdean oraindik lorategi botanikoaren hondarrak dituena, “garai batean Sagastietxea deituriko etxea zenaren hondakinak baino geratzen ez direlarik”.

Besaide Mendizale Elkarteak Udalari proposatu zion ibilbidean Kortaburuko gaina sartzera, hau da, Etxezarretako gailurrik altuetan.

Proposamen horrek helburu ditu “Etxazarreta parkea ezagutzera ematea” eta herritarrei eskaintzea “bertako biodibertsitate aberatsa herritarren esku jarriz, Kortaburuko tontorretik, Udalatx, Anboto eta Murugain tontorra eta Aitzorrotz, Kurtzebarri eta Aloña mendia ikusteko talaia ezin hobea”.

Udalak ontzat eman du proposamena “aldaketak ibilbideari ematen dion balio erantsia kontuan hartuta”. Horretarako, Udalak ordainduko du “panelak ikuskatu, diseinatu, editatu eta ordezteko lanak”.

Zehazki, 6.060,81 euroko aurrekontua erabiliko da lan horietarako, eta Gipuzkoako Mendi Federazioak gauzatuko ditu.

Helburuak dira “ibilbidearen erakargarritasuna handitzea eta, bereziki, haren balio naturala eta ondare-balioa indartzea eta ezagutaraztea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen