Koronabirusak sortutako testu eta hausnarketak hamaika diren arren, Jaikik ere berea plazaratu du

0
852

Lerro hauek idaztean martxoaren 29a zen, egunetik egunera asko aldatzen dira Estatuak hartutako neurriak, gaixotasunarekin erlazionatutako datuak zein ekonomiarenak. Hala eta guztiz ere, egoera orokorraren analisi eta kritika bat egiten saiatu gara.

Testua eta argazkia: Jaiki.

Egoera hau berria da guztiz. Pandemiak asko izan dira historian zehar, baina lehen aldiz, Estatuak gaitasuna du bere lurralde osoan ia-ia erabateko kontrola eta geldialdia ezartzeko. Lehen aldiz, planetako gobernu ugarik praktikan jarri dute gerra garaietatik ikusten ez zen itxialdi orokorra eta, ikusi denez, kontrol eta zigor mekanismoak nahiz herritarrek gobernuko aginduak guztiz obidetzeko erabilitako komunikabide eta sare sozialetako kanpainek arrakasta handia ari dira izaten. Kontrol eta zigor mekanismo horiek, bide batez, nagusiki ahulenak jo dituzte: lanera joan behar dutenak, bizirauteko etxetik irten behar dutenak… Enpresa handietan, ostera, lanaldiek aurrera jarraitu izan dute azken momentura arte; gure MCC kooperatiba txit humanoetan ere bai. Orain “ezinbestekoak ez diren” jarduerak eteteko erabakia bera, burgesiaren epe ertaineko galerak txikitzearen estrategian kokatu behar da, ez kezka humanitarioetan; nahiz eta langileen mobilizazioen balizko hazkundeari ere beldurra izango dioten. Izan ere, orain lanean egiten ez dituzten orduak “berreskuratzeko” oporraldiak eta beste hainbat eskubide urratzearen bitartez gauzatuko dira. Dinamika honek argi erakusten du zeintzuk garen burgesiaren menpe gaudenak.

Adibide batek baino gehiagok, argi uzten dute alarma egoeraren bitartez ezarritako itxialdi honek dakarren militarizazioa eta salbuespeneko estatu poliziala aurrekari arriskutsua direla; are gehiago kontuan izanda ez direla gutxi histeria kolektiboak hartaratuta, salatari eta txakur-lanak hartu dituzten herritarrak. Ahots kritikoak gutxi izan dira, gainera. Oro har, kritikak, itxialdia gogortzera bideratuta egon dira, termino humanitarioetan eta ez politikoetan; eta gutxiegi dira, gure iritziz, poliziaren ezohiko boterea, militarizazioa eta salaketaren apologiaren arriskuan fokua jarri duten ahotsak. Hau da, salbuespenezko egoera hau eta bere kirats faxista termino politikoetan salatu duten ahotsak.

Hizketa belizista, militarista eta unionistaren erabilera ere izugarri handitu da egunotan. Eta ideologia erreakzionario hori zabaltzeaz gain, praktikan autonomien estatua ere bertan behera geratu dela ikusi ahal izan dugu. Katalunian gertatu zen bezala, orain gurean ere ikusi dugu Espainiako gobernuaren agindu bakar batek utz dezakeela autonomia estatutua bertan behera, eta bertoko instituzioek inolako botererik ez dutela horren aurrean. Izan ere, autonomia ez da burujabetza. Autonomia estatutuak espainiar estatuaren dominazio tresnak dira, hari komeni zaionean kendu, eman, estutu edo urratu ditzakeenak. Ez dauka zentzurik, politikoki, hori guztia ahaztu eta autonomismo berri baten zikloan sartzeak, hain zuzen ere autonomien estatua inoiz baino higatuago eta mehatxatuago dagoenean. Diskurtso autonomistak, praktikan diskurtso espainiarra izateaz gain, ideologikoki ulertzera ematen du badagoela burujabetza eta askatasunerako tartea estatutu hobetuen bitartez, eta estrategiaren ardatza espainiar instituzioetan kokatzearen bitartez; eta hori, espainiar estatuen jokoan eta barne makinarian murgiltzea da.

Dena dela, estatutua ez da izan bertan behera geratu den elementu bakarra, ezta nagusiena ere. Alarma egoerak eskubide politiko guztiak bertan behera geratzea ekarri du: biltzekoa, manifestatzekoa, norbanakoen mobilaren gaineko kontrola ezartzea (estatu burgesaren kontrol gaitasuna norainokoa den erakusten diguna)… eta hori bereziki larria da. Hala ere, adi egon behar gara, Frantzian Macronek egin duen moduan, langileoi eskubideak kentzeko ere erabiliko dutelako egoera hau, denbora kontua besterik ez da. Izan ere, egoera hau aztertzeko, ezinbestekoa da klase ikuspegia. Enpresa handiak eta beraien atzean dauden interes burgesak ezarriko dute presioa beraien galerak ahalik eta txikienak izan daitezen. Orain ikus baitaiteke garbi norena den benetako boterea estatu kapitalista batean: goi burgesiarena, eta ez botoarena edo parlamentarismoarena.

Noski, horrelako ezohiko egoeretan, burgesiaren irabaziak eta produkzioa kolokan geratzen dira, eta horrek burgesiaren barruko tentsioak sortzen ditu, oso begibistakoak direnak nazioarteko dinamiketan. Orain ere, 2008ko krisiaren ostean bezala, burgesia nazionalak indarra hartzen du eta bere kapitala ahalik eta gehien babesten saiatzen da. Hori dela eta, Europar Batasunaren gainbeheraren beste ziklo batean sartuko garela dirudi, non herrialde aberatsenetako burgesiek hegoaldeko herrialde pobreekiko laguntza betatuko duten, Alemania, Holanda eta Finlandiako kasuetan bezala. Hori ere aprobetxatu egin behar dugu, behintzat politikoki, Europar Batasunaren maskara kendu eta oligarkia burgesaren mesedera eraikitako egitura hutsa dela erakusteko.

Izan ere, egoera hau ezin da ulertu nazioarteko krisi kapitalista kontuan izan gabe. Aspalditik, Europa gainbehera ekonomiko eta inperialistan sakontzen ari da eta Covid-19ak sortutako baldintzek Europako “klase ertain” ospetsuaren gainbehera eta suntsipen prozesua ikaragarri bizkortuko dituzte, langile sektore askoren prekarizazio eta proletarizazio latzaren bidez.

Horixe da, beraz, itxialdiaren amaieran aurkituko dugun panorama. Bat-batean bertan behera geratu den autonomiaren aurrekari esanguratsua, Europar Batasunaren barne gatazka handiak, krisi ekonomiko latza, eta prekarizazio prozesuaren bizkortzea, kontrol sozialerako mekanismoen normalizazioa… Egoera horrek erantzuna termino sozialistetan ematea eskatzen du, kapitalismoaren oinarriak astintzen dituen garai honetan. Izan ere, kapitalismoa bultzatzen duten oinarriak planetaren eta gizateriaren mugek astintzen dituzte gaur (hazkunde esponentzial etengabea, kapital metaketa betiko handitzea, kontsumoa urtetik urtera areagotzea, norbanakoaren arrakasta, lehiakortasuna…), eta alternatiba ideologikoki ahalik eta ondoen landuta egon behar da, kolapso garaietako noraezak ideologia erreakzionarioenak eta faxismoa elikatu ez ditzan. Langileriaren antolaketa sozialistan jarri behar ditugu gure indarrak.

Itxialdiak dirauen bitartean, formazioa eta lanketa ideologikoa bultzatzea dagokigu, baita auzo eta herrietan sortutako zaintza eta langile autodefentsa sareetan inplikatzea ere. Adituen eta medikuen indikazioak jarraitu behar dira, noski, baina Estatuaren diskurtsoaren eta neurrien aurrean erne eta borrokalari iraunez. Epe labur-ertainera langile klasearen antolaketa masiborako prestatzea dagokigu eta.

Guk gure alea jarri nahian, irakurketa eta hausnarketa batzuk plazaratzen saiatuko gara, ahal dugun heinean.

Horregatik guztiagatik, antolakutza eta borroka dira bidea, batez ere orain.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen