Realaren gizonezkoen lehen taldeak irabazitako Koparen biharamun emozionala gainetik kendu ezinik, marrazki lehiaketa bat antolatu du txikienentzat Musakola Txuri-Urdin zale taldeak. Lehiaketa hau 0-15 urte bitarteko ume guztiei zuzenduta dago, elkarteko bazkide izan ala ez, eta marrazkiaren gaia librea izango da, baina Koparen irudiak agertu beharko du derrigorrean. Bost urtetik gorakoen marrazkiek, gainera, izenburu edo lelo bat eraman beharko dute, euskaraz.
Lehiaketa hiru maila edo adin tarteetan banatuko da, 0-4, 5-9 eta 10-15 urte. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzak 6, asteazkena, izango da eta marrazkiak San Isidro elkarteko buzoian entregatu daitezke edozein egunetan edo maiatzaren 6an bertan 18:30etatik 20:30tara elkartean bertan entregatzeko aukera ere egongo da. Whatsapp bidez bidaltzeko aukera ere izango da 634422545 edo 678977652 zenbakietan.
Adin tarte bakoitzeko hiru sari egongo dira, Errealaren partida bat ikusteko sarrerak+autobusa eta Musakola Txuri-Urdineko arropa.
Bildutako lan guztiekin erakusketa bat egingo da eta San Isidro elkartean eskegiko dira. Realaren zaleen taldetik deia egin diete Arrasate eta inguruko haur guztiei euren sormena erakustera.




