Lehen liburuak herri-sektoreen elkartegintza praktikak azaltzen ditu, eta bigarrenak sozialista asoziazionistak. Biak ala biak eskura daude bertan.
Argazkia eta bideoa: HUHEZI-MU.
Arrasateko Igor Ortega Sunsundegik LANKI ikertegian dihardu, eta azken urteetan zenbait lan osatu ditu.
Iazko uztailean doktorego tesia aurkeztu zuen: “La Contribución de los Fundadores del Cooperativismo de Mondragon al Pensamiento Cooperativo” (‘Mondragoneko Kooperatibismoaren Sortzaileen Ekarpena Pentsamendu Kooperatiboari’).
Igorrek aurkeztu berri dituen bi liburuak Lanki Koadernoak bildumaren baitakoak dira, 15. eta 16. zenbakiak hain zuzen. Hona hauek ditugu:
‘Kooperatibismoaren sustraiak I: herri sektoreen elkartegintza praktikak’
Ikerlan honetan, Igorrek gainbegiratu historikoa egiten dio kooperatibismoari. Hala, kooperatibismoaren sustraiak arakatzeko asmorekin, Industria Iraultzaren lehen aroan langile- eta herri-sektoreek garatu zituzten antolaketa eta elkartegintza moduetan jarri du arreta.
Ikertzaileak ohartarazten du “ohikoa dela kooperatibismoaren sorreraren unea 1844an kokatzea, Rochdaleko esperientzia kooperatiboa abiatu zen garaian. Baina historiari begiratu azkar bat emanez gero, ideia hori zalantzan jartzeko zantzuak aurki daitezke”.
Izan ere, XVIII. eta XIX. mendeetan zabalduriko aroan aurkitzen dira kooperatibismoaren sorrera iturriak:
“Kooperatibismoaren iturriaren muina langile- eta herri-sektoreen inguruneetan ernaldu ziren antolaketa praktika eta ideia sistemetan aurkitzen da. Praktika eta ideia haiek, industria kapitalismoaren aurrean, babes egiturak ez ezik, gizarte berri baten idealaren ernamuina izan ziren”.
Liburuan aztertzen dira bi bulkada horiek: Bai langile-auzoetan elkar sostengatzeko, lan-borrokak garatzeko edota lana eta kontsumoa era kolektiboan antolatzeko eratu ziren elkartegintza praktikak, bai sozialista asoziazionista gisa ezagutu ziren erreformisten ideien eta esperimentazioen hedapena.
‘Kooperatibismoaren sustraiak II: sozialista asoziazionista’
Igorrek bigarren liburuxka honetan jorratzen ditu sozialista asoziazionista deiturikoen pentsamendua nahiz ekinbideak.
Izan ere, ikerlariak azaltzen duenez “bi horiek dira, Rochdaleko kooperatiba-esperientziaren mugarriaren aurretik, kooperatibismoaren sorreraren iturri nagusiak”.
Halaber, aztertu egin ditu Galesko Robert Owen, Ingalaterrako William King doktore eta frantziar estatuko Charles Fourier, Philippe Buchez eta Louis Blanc autoreen ekarpenak.
Egile horiek sustatu egin zituzten “Liberalismoaren erregimen indibidualista eta lehiakorra gainditzeko eta elkartasunean oinarrituriko gizarte-eredua eraikitzeko, elkarkidetzan oinarrituriko elkarteak”.
Horiek egin zituzten “batzuetan funtzionamendu-arau eta antolaketa-eredu berritzaileak asmatuz, eta, besteetan, berriz, elkartegintza-eredu berri horien esperimentazio praktikoak garatuz”.
Ikertzaileak azaltzen du egile haiek “ez zutela kooperatiba hitza erabiltzen (berriagoa baita), baina zalantzarik ez dago sustatu zituzten kontsumo- edo ekoizpen-elkarteak egungo kooperatiben aurrekari zuzenak direla”.
Liburuxkak azaltzen ditu Sozialista asoziazionista horien proposamenak eta kooperatibismoaren oinarri ideologiko izan ziren beste hainbat iturri.
Bi lan hauek eskaini dizkio LANKIko bere lankide ohi Andoni Mujika Ulaziaren “oroimenari, autoeraketaren gure bide-urratzaileari”.
Interesa duten pertsona guztiek eskura dituzte bi ikerlanak, bai paperezko bertsioan, bai PDF formatuan ondorengo esteketan:
Kooperatibismoaren sustraiak I: herri sektoreen elkartegintza praktikak (pdf)
Kooperatibismoaren sustraiak II: sozialista asoziazionista (pdf)