Musakolako irakasle ohiak, idazketa sortzaileaz dituen ezagutzak partekatu ditu, Goienagusik antolatuta. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borroka oso present izan da ekitaldian.
Kontxi Martinez de Madina Diaz de Otalora (Gasteiz 1951), ogibidez irakasle, hala jardun zuen Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait zentrotan, tartean Ziorlakoan.
Azken 25 urteak Gasteizko Paulo Freire EPA-HHI zentroan eman zituen, eta bertan Idazketa sortzaile tailerrak eman zituen. Tailerretako partaideek idatzitako zenbait testuk argia ikusi zuten ondorengo liburuetan:
‘Mujer.es’, ‘Principito, en tu honor’, ‘Escribir, soñar, vivir’, ‘Plumas inquietas’, ‘Bodas de Plata’ eta ‘Mosaico’, Editorial Popular-ek argitaratuak.

Jubilatu ondoren, idazketak bere denbora librearen zati bat hartzen du, eta zenbait testu argitaratu ditu: ‘Territorio de escritores’ eta ‘Relatos compulsivos’, bi liburuak izaera kolektibodunak. ‘Como te lo cuento’ bere bakarkako lehen argitalpena da.
‘Como te lo cuento’ izeneko hitzaldiari dagokionez, ekitaldiak asmo izan du “ezagutzera ematea, azaletik bada ere, Idazketa Sortzaile tailerrak zer diren, zein helburu dituzten, eta nola garatzen diren, normalean, lan-saioak”.
Kontxik ere ekitaldian zenbait kantu abestu ditu, kitarrari eragiten, eta boluntario batzuek bere lan batzuk errezitatu dituzte.
Era berean, ekitaldian adierazi du bere liburu berria “Idazketa sortzaile tailerretako 10 urteen emaitza” dela. Eta lana argitaratzeko “nire ikasleak gogoan izan” dituela. Sortzaileak ikus-entzuleen txalo beroak jaso ditu.