Lanak Protec enpresak egingo ditu, 8.659,97 euroko inbertsioarekin. Konposta guneak 45 metro karratuko azalera izango du, 2 metroko altuerarekin. 40 metro kubiko konpost sartzea dago aurreikusia.
Testua: Arrasateko Udala.
Garagartzako Baratze Ekologikoen Batzordeak eskatuta, eta Arrasateko Udaleko Zerbitzu Teknikoak proposatuta, Udalak Garagartza auzoko baratzetarako konposta egiteko gune bat egokituko du.
Konposta guneak 45 metro karratuko azalera izango du, 2 metroko altuerarekin. Estruktura jarri baino lehenago lurzorua berdinduko da. 2 ate izango ditu, sarrailekin. 40 metro kubiko konpost sartzea dago aurreikusia. Ortuetako erabiltzaileek, horrela, konposta urtean zehar eduki ahal dute erabilgarri eta beharrekoa dutenean erabili dezakete.
Udalaren helburua herritarrak hondakinen kudeaketa jasangarriago batean inplikatzea da, ekonomia zirkularraren aldeko apustuarekin eta, materia organikoa herritar guztiek aprobetxa ditzaketen baliabide bihurtuz, jatorrian bereizketa sustatuko duena.
Ekimen honek aukera berriak irekitzen ditu hondakinen tratamenduan, lehengaiak direnak berrerabiliz; kasu honetan, emaitza baliabide gisa erabiliko da inguruko nekazaritza-sektorean.
Egin beharreko lanak datozen asteetan burutuko ditu Protec enpresak, 8.659,97 euroko inbertsioarekin.
84 ortu daude Garagartzan
Garagartzako ortuak 2009an ireki ziren. Ortuen erabiltzaileen elkarte bat sortu zen eta elkarteak berak kudeatzen ditu instalakuntzak: Garagartzako Baratze Ekologikoen Batzordeak. Udalaren eta Garargartzako baratzeen erabiltzaileen artean lankidetza hitzarmena sinatu zen.
Egun 84 baratze daude Garagartzan. 83 erabiltzaileentzako eta 1 Udalaren jardunerako. Aurten, esaterako, Ingurumen Eskola erabiltzen ari da bere jardueren barruan (Eskolako Agenda 21).



