Komunikabideak, indibidualismoa, eta honen atzean dagoena

3
1502

Aurrekoan atera genuen testuan aurreratu genuen moduan, testuak eta hausnarketak plazaratzen saiatuko gara lan politikoa egiten jarraitzeko. Gaurkoan, bizi dugun egoeraren indibidualismoari eta honen aurkako beharrezkoa den antolakuntzari buruz sakonduko dugu. Izan ere, bizi dugun egoera larria da, dudarik gabe, baina histeria sozialak hartua du gure jendartea, hein handi batean.

Testua eta argazkia: Jaiki.

Denon ekarpena beharrezkoa da Covid-19aren hedapena moteltzeko, noski, baina bakoitzaren gain erori behar al da erantzukizuna? Bakoitzak bere sufrimendu eta zailtasunen zama hartu behar ote du bere gain?

Ezin dugu arazo hau krisi sanitariotzat bakarrik hartu, funtzionamendu kapitalistan, hots, klase dominazioan du eragin zuzena. Langile klasea da krisi hau gehien pairatzen duena. Horren adibide asko topa ditzakegu Arrasateko zein inguruko etxe askotan. Lanera joatera behartuta daudenak, lan gabe geratu direnak, langabezian zeudenak lehendik, lan ordu gehiago sartzera behartuak izango direnak…

Askotan etxe eta pisu txikietan jende asko bizi gara, dirua agortzen doa etengabe, auzokideen artean tira-birak gertatzen dira…etab. Bizi dugun garai honek eta aurrera begirako egoera nahasiak zaila egiten digu bizikidetza bera ere. Zer esanik ez, beraien tratu txarren emaileekin, edo potentzialekin, bizi diren emakumeei dagokienez. Eta, nola ez, gogoan izan behar ditugu preso direnak eta beraien eskubide apurrak ere kendu dizkietenak nahiz beraien familiak. Langabezia, diru falta, gastuak, tratu txarrak, isolamendua… etab sufritzen ditugunak gara hemen galtzaile.

Argi dago, beraz, gauza bat dela birus honek mundu guztia infektatu ahal izatea, eta bestea, sortu den egoera honek nortzuk afektatzen gaituen gehien. Galtzailea ez delako txalet dotore baten parrilladak egin ditzakeen eta etxetik lanean ari den burges edo aberaskiloa, bere irabaziak apenas murriztu zaizkiona eta diru sobera duena egoera honetan behar beste aguantatzeko.

Orduan, zelan da posible norberaren erantzukizuna nagusiki izatea Covid-19aren hedapena ekiditea? Hainbeste aldiz entzuten dugun moduan komunikabideetan.

Honen atzean dagoen kanpaina mediatikoak interes burgesei erantzuten die. Burgesiari eta estatuari komeni zaiolako sinetsaraztea estatuak hartutako neurriak indibidualki errespetatzea dela onena, masa atomizatuak beraien alde jarriaz.

Norberak hartu beharreko neurri eta ardurak garrantzitsuak dira. Baina etenik gabeko kanpaina mediatiko honetan ikus ditzazkegun elementu batzuen artean daude poliziaren eta indar errepresiboen jardunaren zuriketa, estatuak hartutako neurrien etengabeko gorespena, hiztegi belizista edo bizilagunen arteko kontrola eta espioitza goraipatzea… Azken horren kasuan, zenbaitek erreproduzitu egiten du polizia lana eta askotan fundamenturik gabe eginiko akusazioen eraginez bizilagunen arteko tira-birak sortzen dira. Kanpaina honetan sare sozialetan zabalduriko histeria eta buloen hedapena ere kokatu daitezke, ez beti komunikabide handien partetik, baizik erreproduzitzen diren jarrerengatik.

Jarrera indibidualistak nagusitu dira gure gizartean, lehen aipaturiko txakur lanei, jendeak berekoikeria hutsez erosi dituen produktuen erosketa masiboa gehitu behar zaie, beste adibide bat jartzearren. Azken batean, kapitalismoak bultzatutako kontsumismo indibidualistaren eta erantzukizunaren atomizazioaren beste sintoma bat.

Horri guztiari aurre egingo dioten jarrerak eta ideiak nagusitu behar dira. Histeriak ez gaitzala menperatu, berekoikeriak eta besteenganako kontrola alde batera utzi eta egoera aztertu beharra dago, elkartasunaren eta klase kontzientziaren argitan.

Herritarron jarduna, oro har, txalotzekoa eta arduratsua izaten ari da. Aipamen berezia behar du herritarren zaintza sarea sortu izanak, behar handia duten pertsonen beharrak asetzen laguntzen duena. Baina argi dago interes burgesei, eta hauek kontrolpean duten estatuari, herri antolatu eta borrokalari bat ikustea ez zaiela gustatzen.

Egoera gogor honen aurrean, beraz, antolatzeko eta borrokatzeko beharra dago. Hasi berria den krisi ekonomikoaren ziklo berri honetan etorkizun beltz bat aurreikus dezakegu, eta gure betebeharra horri aurre egingo dion kontrabotere sozialista bat eraikitzea da. Elkartasuna eta langile klasearen batasuna ardatz duena.

Amaitzeko, Malcom Xren zita batekin utziko zaituztegu.

“Adi ez bazarete, hedabideek zapalduak gorrotatzera eta zapaltzaileak maitatzera eramango zaituztete”

3 IRUZKIN

  1. Arrasateko udala ere burgesiaren kontrolpean dago?Bere funtzionarioak burgesen morroien dago? Posible da langileen aldeko kontraboterean batzea erakunde hori?

  2. Galtzailea ez delako txalet dotore baten parrilladak egin ditzakeena.
    Bai arrazoia daukazue, uste dut alarma egoera honetan parrilladak egiteak ez duela inolako justifikaziorik eta nolabaiteko zigorra merezi duela horrelako gauzak egiten dituzten burges indibidualistek.
    Mozal legearen alde egongo zineten?

  3. Zelako grazia daukien Jaikiko umetxo honeik! Pentzauko juek argixa emuteuskuela euren komunikauekin. Lezinuek emuten etorrittuk barriro be, zelako berbak: burgesia, klase borroka,… Emute jok Pleistozenoko berba horreikin gaurko egunien pasetan dien gauzak entendiru itten dittuela. Koperatibistok ze gaittuk ba, burgesak ala proletarixuek? Zapaldu itten juau erozapaldu itten gaixuek? Etxakixiek erantzun egogixe emuten. Beti jabitzek urruneko ereduekin, hainbeste Jaiki die ze esango naixuan estratosferara be allegau diela honazkero.

    Puff! eskerrik asko! Noraezean gabitzan ta oin bajakizau zelan konsegiru bioun sozialismue…

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen