Komertzio txikiei Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba aurkezteko hitzaldia egingo da bihar (asteazkena)

0
488

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: TuLankide.

Energia berriztagarria, iraunkorra eta bertan sortutakoa eskainiko du Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako herritarrei eta komertzioei emango die zerbitzua; guztira, 600 bat familia edo komertzio txikiri.

Proiektua gauzatzeko, Arrasateko Udalarenak diren lurretan plaka fotovoltaikoen eguzki-parke bat jarriko dute; zehazki, Garaia Berrikuntza Guneko lurretan, LKS parean. Helburua da kooperatibako kide diren pertsonak instalazio fotovoltaiko horien jabe izatea, eta horietan kontsumo elektriko osoaren baliokidea den energia-bolumena sortzea. Norbanakoak etxebizitza partikularretarako zein komertzio txikietarako egin ahalko dira bazkide.

Maiatzean, herritarrentzako aurkezpenak egin ziren, eta azpimarratzekoa da dagoeneko ia 400 familiek eman dutela izena. Ekiolaren partetik baieztapen mezuak jasotzen hasiak dira.

Orain, Leintz bailarako komertzio txikiei bideratutako hitzaldia egingo da Arrasaten. Bertan, kooperatibaren xehetasun guztiak azalduko dira eta komertzio txikietako jabeek izan ditzaketen zalantzak argitzeko aukera egongo da. Uztailaren 20an, asteazkena, 13:30ean izango da, Arrasateko Kulturateko areto nagusian. Hitzaldia ele bitan egingo da.

Aurkezpenean parte hartuko dute Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Ekiolako zuzendari tekniko Hodei Arzakek eta Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradun Aritz Otxandianok.

Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba

Ekiolaren baitan kokatzen da Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiba. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren baitako EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldearen parte den Krean-ek sustatutako proiektua da Ekiola. Leintzeko kasuan, Fagorrek eta Arrasateko Udalak bazkide kolaboratzaile figura hartu dute, kooperatibari babesa emateko. Halaber, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako udalek, Debagoiena 2030ek eta Goienak ere bat egiten dute proiektuarekin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen