Komertzio txiki gehiago berrirekitzen hasi dira, segurtasun neurriak hartuta

0
1466

Angela Estetika Zentroan esaterako “orain arteko neurriak baino are gehiago hartzen ari gara: desinfekzio gehiagorekin, material gehiagorekin,…”. Gainera, “orain arteko bezeroen gehiengoak hitzordua hartu dute datozen egunetarako”.

Arrasateko komertzio txiki gehiago zabaltzen hasi ziren atzo, eta hauen artean Ferrerias kaleko Angela Estetika Zentroa.

“Lehengo egoeran neurri ugari hartzen genituen, eta egoera berrian are neurri gehiago hartzen ari gara” baieztatu digu Angelak. Horren adibideetako bat da aurretiazko hitzordua:

“Lehen egoeran bezeroa zentrora etorri baino lehen, telefonoz hitzordua berarekin zehaztu izan dugu. Bezeroen %90 ingururekin hala egin dugu, eta orain %100arekin horrela egiten dugu”.

“Lehengo egoeran, bezero bat zentrora etorri izan bada produktu batzuk erostera, ez diogu atea itxi noski, baina zentrora etortzeko aurrez telefonoz zehaztu izan dugu”.

Gainera, egungo egoeran “bezeroak kontzientziaturik daude, eta jakin badakite hitzordua aurrez eta telefonoz hartu behar dela”.

Eskularruei dagokienean, lehengo egoeran “eskularruak askotan erabili izan ditugu, depilazioak egiteko adibidez. Orain gauza guztietarako erabiltzen ditugu, aurpegiko tratamenduetan izan ezik horrelakoetarako beharrezko ez delako. Gainera eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzen ditugu”.

Oro har, bezero bakoitza sartu baino lehen “tinbrea, ateetako eskulekuak,… garbitzen ditugu. Harrerako aldizkariak erretiratu ditugu, bezero ezberdinek ikutu ez ditzaten”.

“Ahalegintzen gara bezeroa harreran eseri behar ez izatea, besteak beste, jakin badakigulako bezeroentzat denbora garrantzitsua dela”.

Kamiletan edo esku-ohetan “ehunezko osagai guztiak kendu ditugu, eta desinfektantearekin garbitzen dugu bezero bakoitzak ikus dezan, eta bezeroa esku-ohean etzan baino lehen. Gainera, erabilitako papera zakarrontzira botatzen ditugu, lehen egiten genuen bezala”.

Toaila gehiago lortu dituzte, “neurriak ahalik eta ondoen betetzeko eta ekologikoagoa delako”. Aurpegiko tratamenduetako “izaratxo eta toailak garbitzera botatzen ditugu, bezero bakoitzarekin izan ostean. Hori ere lehengo egoeran egiten genuen”.

Lehengo egoerarekin konparatuta, hartu behar izan dituzten neurri bakarrenetako bat maskara izan da: “astuna egiten da maskararen ondorioz betaurrekoak pixka bat lausotzea. Baita eskularru ugari erabili behar izatea, baina beharrezko neurriak dira eta kitto”.

Angela Estetik Zentroa atzo goizeko 9:00etan instalazioak garbitzeari ekin zion, eta atzo arratsaldean “bezeroekin lan egiten hasi gara, telefono dei ugari jaso ditugu”.

“Guk ere hainbat bezerori hots egin diegu, eta gehienek hitzordua hartu dute datozen egunetarako. Batek soilik erantzun digu nahiago duela hitzordua datorren hilabetera atzeratzea, bere ama oso nagusia delako. Baina gehienek hitzordua hartu dute, gogotsu gainera”.

“Gu bezeroek etortzeari uko egingo ziotenaren beldur ginen, baina gure sektorea berriro martxan jartzea errazagoa da, zerbitzua pertsonalizatua delako eta areto berezituetan aplikatzen delako”.

Ia 8 hilabeteko itxaronaldi luzearen ostean, Arrasateko komertzio txiki ugari berriro ateak zabaldu ahal izan dituzte, tentuz eta gogotsu.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen