“Kokoteraino gaude gazteon hitza entzuna eta jasoa ez izateaz”

3
1537

AGAKOk, herritar ugarirekin batera, 3 eskaera egin dizkio Udalari, Gaztetxearen eraikineko segurtasunari, igogailuari eta kanpoko garbitasunari dagozkionak. Ordezkari gisa, Ekiñe Casadok eta Oihan Loitik ondoko adierazpena plazaratu dute:

Beheko testua: AGAKO.

Arrasateko Gaztetxea, ehunka gazteren topaleku da. Hamaika kontzertu, hitzaldi, bilera eta eragileren aterpe, baita parrandarena ere. Arrasateko gaztetxea bizitzadun etxea da, bizi hori herritarrok ematen diogularik, herriak ematen diolarik. Kontua honakoa izanda, prentsaurreko honen bitartez, AGAKOk Arrasateko herriarekin beronek bizi duen errealitatea elkarbanatu nahiko luke.

Ez da makala halako dimentsiodun proiektu bat aurrera eramatea eta, ulertu beharrekoa da, proiektuak berak dituen beharrak anitzak direla. Autogestioaren bidetik, 32 urte luzez, belaunaldi desberdinek behar horiei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzun izan die, eta egungo asanbladak ere bide berari eutsi nahi dio.

Jakitun gara gaztetxearen eguneroko jarduna, gure baliabideetatik harago aurkitzen diren faktore eta erabakigune desberdinek baldintzatu dezaketela. Horren adibide litzateke, AGAKOk Arrasateko Udalarekin duen harremana zeina, egun, motela bezain hotza den. AGAKO Arrasateko Udalaren jarrera pasiboaren aurrean aurkitzen da, honakoak herriarentzat dakartzan albo kalte guztiekin.

Horrenbestez, AGAKOren beharrak asetze bidean, Arrasateko Udalarekin dugun harremana abiapuntutzat hartuz gure esku egon diren urrats posible desberdinak eman ondoren, gure burua honako prentsaurreko hau burutzera behartuta ikusi dugun azken aukera gisa. Herriari errealitate honen berri emateko beharra sentitu dugu.

Hala bada, honako hauek dira egun AGAKOk gaztetxeari dagozkion eta arduraz bizi dituen 3 errealitate nagusiak:

1.- Kanpo espazioaren garbitasuna

Ekainean, Udaleko Gazte Saileko ordezkariekin ohiko azken bilera izan genuen eta, bertan jorratutako gaietako bat, gaztetxe kanpoko espazioaren garbiketarena izan zen. Bilera hartan, Udalak, bere garbiketa zerbitzuen bitartez, ordura arte garbitzen ez dituen ondorengo guneak garbitzeko konpromisoa hartu zuen, erabaki hau Gazteria Saileko arduradun politikoaren izenean eman zelarik: gaztetxearen sarrera, igogailurako pasabidea eta pilotalekuaren emergentziazko atearen ingurua.

Argitu nahi genuke, asanblada gisa erabat kontziente garela gure jardunak kanpo espazio hori nabarmen zikintzen duela eta, honen aurrean, AGAKOk asteroko garbiketa lanak gauzatzen dituela argi utzi behar dugu. Hala ere, gaztetxearen erabileratik harago ere ematen zaio bitzia espazio horri eta, beraz, honen garbitasun eta higiene egoerak herri mailako eta izaera desberdineko jardunei eragiten die, espazioa egon beharko lukeen baldintza duinetan egoten ez delarik.

2.- Eraikinaren segurtasun baldintzak

AGAKO eraikin honetara iritsi zenetik, ez dira berriak hezetasunak eraikinaren baldintzetan eragindako kalteak. Eszenatoki atzeko horma eta sabaia gero eta egoera okerragoan daude, sabai zatiak erortzera iritsi direlarik.

Eraikinaren baldintza eskasak behatuta eta, hezetasunaren jatorria dagoen espazioan ematen diren joan-etorri ugariak ezagututa, udalarekin ekainean izan genuen bileran arazo hau konpontzea lehentasunezko gaitzat jo genuen. Adierazitako arduraren aurrean, gazteria zinegotziak gaiari irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuen.

Bilera honen ondoren eta bertan hartutako konpromisoaren aurrean Udal-gobernuak izandako jarrera pasiboa ikusirik, alkatearekin ezohiko bilera bat deitu behar izan genuen, betiere, gaia beste behin erdigunean jarri eta gaztetxeko erabiltzaile ororen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Aipatu beharra dago alkatearekin ta udal-mailako 5 saileko teknikarirekin izandako ezohiko bilerak bere fruituak ekarri dituela; izan ere, 7 urtetako itxaronaldiaren ondoren (hezetasunaren errealitatearen okertzea orduz geroztik bizi baitugu), prozesua astiro badoa ere, berau martxan jartzea lortu dugu. Bilera hark emandakoa aurrera urrats gisa ulertzen badugu ere, ez dugu bilera hartarako aktarik jaso. Honek, Udal Gobernuak gaztetxearekiko eta Arrasateko herriarekiko erakusten duen konpromiso falta agerian uzten duela helarazi nahi genuke. Izan ere, herritik eta herriarentzat jarduten dugun heinean, gaztetxea herriarena da.

Zentzu horretan, AGAKOk Udal Gobernuari egiten dion eskaera, hemendik aurrerako bileretan hitz egindakoa akta bidez jasotzea da. Gure eskari eta ahotsak entzunak direla ziurtatu nahi dugu, orain artean, errealitateak kontrakoa erakutsi izan baitu.

3.- Igogailuaren erabilera eta eskubide urraketak

Gaztetxeak bi sarrera ditu. Batetik sarrera nagusia, herriko edozein norbanakori irekita egon ohi dena eta bertara iristeko eskailerak zein igogailua dituena.

Bestetik, gaztetxearen atzeko ate gisa ezagutzen dena dugu, honakoa musika taldeen sartu-irten nahiz gaztetxearen barne erabilerara mugatzen da.

Ate nagusiaren kasuan, aipatu berri dugunez, igogailura sarbidea izan ezean bertara iristeko modu bakarra eskailera bidezkoa da. Honakoa argituta, zera aipatu nahi genuke: duela ez askora arte udalak baimendutako igogailuaren erabilerarako aukera ukatu zaigula. Honakoa, erabaki politikoa izan zen.

Azpimarratzekoa deritzogu, asanbladak igogailu honi emanizan dion erabilera, irisgarritasun zailtasunak dituen edonori bertarako sarbidea ahalbidetzea izan duela helburu. Zintzoak izan nahian, onartu beharra daukagu AGAKOk igogailu honi emandako erabilera ez dela helburu horretara mugatu izan (zama lanetarako ere erabili izan baitugu), baina, ekainean izandako bileran, igogailuaren erabilera bere jatorrizko helburura mugatzeko konpromisoa hartu genuen. Era berean, bilera berean udal gobernuko ordezkariak debekua bertan behera uzteko konpromisoa hartu bazuen ere, oraindik ez dugu igogailua erabiltzeko aukera berreskuratu.

AGAKOren eskaera zuzenaz gain, Kooltur Ekintzak eragilea ere lorpen beraren bila aritu izan da borrokan. Kootur gaztetxeko eragile izanik, beronen egitaraura gerturatu izan diren norbaneko desberdinek gaztetxerako sarbidera iristeko arazoak izan dituzte. Hala, Koolturrek maila kolektiboan zein beroren erabiltzaile izandako norbanakoek maila pertsonalean, igoagailua martxan jartzeko eskaerarekin bat egin izan dute, honako eskaerak BAZ zerbitzuaren bitartez burutu izan direlarik.

Horrenbestez, egun oraindik aipaturiko igogailuaren erabilera ukatzea, gaztetxeko erabiltzaileekiko diskriminazio ikur gisa irakurtzen dugu. Diskriminazio hitza mahai gainean jartzen dugu, kontziente baikara baliabide honen ukapenak norbanako desberdinei aukera berdintasuna ukatzen dietela.

Horrenbestez, aipaturiko hiru puntu zehatz horien aurrean, udaletxeak berehalako erantzun bat ematea eskatzen dugu. Izan ere, gaztetxeak eta AGAKOk bere eguneroko jarduna aurrera eramateko oso oinarrizkoak diren alderdiak izateaz gain, herritar gisa ditugun oinarrizko eskubideak oztopatzen dituzten mugak badirela ere ulertzen dugu.

Kokoteraino gaude gazteon hitza entzuna eta jasoa ez izateaz, kokoteraino gure jarduna seriotasunez ez hartzeaz. Eta, honekin batera, Arrasateko herriari indarrez lanean jarraitzeko gogotsu gaudela helarazi nahi diogu, baita beronekin batera elkarlanean sinesten dugun proiektuei eusteko kemenez ere.

Autogestioa eta askatasuna,

Gora AGAKO!

3 IRUZKIN

  1. Igogailuarena baimenduz gero ez dut nahi pentsa ze egoeratan egongo litzaketeen berau. Goiko auzoetako jende nagusia izorratzen gazteen buru faltagatik.

  2. Benetan autogestionatutako edozein Gaztetxeak, instituzioak ahalik eta urrunen nahi izango luke, eta hemen, udaletxeari euren jardunean muturrik ez sartzea leporatzen diote. Mundua alderantziz.

  3. Ixa , igogailua izorratuta egon danian aste luzez ez zaitxut hain larritxuta ikusi, gogoratzen badozu ezer gutxi in zauen alkatiak herriko goi-auzuetan bizi dien herritarren alde. Gaztien aurka jotzia Maria eta bere taldia babesteko oso eskasa iruditzen jat. Batez ere Gaztetxiak eta herriko gaztiek Arrasatei emuten dotzien bizitza kontuan izenda.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen