Milanon egon zen mutil arrasatearrak, “sintomarik ez dudanez” eta 14 eguneko koarentena osatu duenez, “libre” geratu da. Koarentenan jarraitzen dutenei mezua helarazi die.
Arrasateko mutil bat eta Aretxabaletako neskalaguna Milanon izan ziren partidu bat ikusten otsailean, eta neskak otsailaren 25ean koronabirusaren sintomak sentitu zituen.
Aretxabaletarra Arrasateko etxe batean koarentenan jarraitzen du, eta mutil-lagunak ere koarentenan egon behar izan du azken bi asteetan.
Koronabirusaren koarentena 14 egunekoa da, eta 16 egun igaro dira neskalagunarekin azken aldiz egon zenetik. Gainera, “ez daukat sintomarik, eta honezkero ez didate probarik egin behar izan”.
Ondorioz, gaurko egunez “libre” da arrasatearra, azkenik, pozik baieztatu digunez. Era berean, koarentenan dauden pertsonei ondorengoak aholkatzen dizkie:
“Lasai egon daitezela, pazientzia handia izan dezatela eta inguruko pertsonekin prebentzioz jokatzeko. Gure esku dagoen ardura da, eta erantzukizunez jokatu behar dugu”.