Klubaren organigrama berria eman du aditzera ART-k

0
539

Hauteskunde prozesua atzean utzita, Arrasate Errugbi Taldeko zuzendaritza batzorde berria hasi da aurreneko pausoak ematen eta, honen baitan, klubeko organigrama berriaren xehetasunak eman dituzte aditzera.  Ramon Barrutia buru duen lantaldea 11 pertsonez osatuta egongo da, Barrutia bera hauen guztien koordinatzailea izango dela.  Asier Urgoitia da diruzain berria, eta Belen Aranbarri idazkaritza eta inklusio arloez arduratuko da.  Gizonezkoen senior taldeko ordezkaria Ihabar Arriaran izendatu dute; nesken taldekoa, berriz, Beñat Salaberri.  14, 16 eta 18 urtez azpikoen arduraduna Bittor Majon izango da, eta Errugbi Eskolakoa Unai Suinaga.  Osasun esparruan Elene Ansola eta Javier Mar arituko dira; Marketineko arduraduna, berriz, Ander Arizaleta izango da, eta Lege, Kontabilitate eta Aholkularitza kontuetan Alex Barañano ibiliko da lanean.


Esan bezala, hori Zuzendaritza Batzordeari dagokionez, talde teknikoko burua senior mailako taldeko entrenatzaile Julen Barrutia izango da, bere aginduetara 10 pertsona izango dituela.  Errugbi Eskolan lanean Iraitz Arriaran, Ibai eta Oihan Irasuegi arituko dira 8 ta 10 urtez azpikoekin; 12 urtez azpikoetan, aldiz, Joseba Santacristina eta Ioritz Astaburuaga izango dira.  Infantil eta kadeteetan, 14 eta 16 urtez azpikoen kategorietan Unai Suinaga, Manex Olabarria eta Asier Delgadok egingo dute lan.  Azkenik, senior eta 18 urtez azpiko taldeez Julen Barrutia eta Ihabar Arriaran arduratuko dira.  Barrutiarekin batera Belen Aranbarri ibiliko da lanean errugbi inklusiboaren esparruan.


Hutsune bakarra nesken taldean dagoela aurreratu dute Zuzendaritza Batzordetik, “oraindik ekipoa ez baitugu osatu”.  Honekin batera, datorren ikasturteko entrenamendu egunak eta ordutegiak zeintzuk izango diren ere eman dute aditzera:  Errugbi Eskolak (8, 10 eta 12 urtez azpikoak) igandeetan burutuko ditu lansaioak, goizeko 10:30eatik aurrera.  14 eta 16 urtez azpikoen txanda astearte eta ostegunetan izango da, 17:30ean.  Senior eta 18 urtez azpikoek egun horietan ere entrenatuko dute, baina kasu honetan 19:00etan hasita.  Azkenik, errugbi inklusiboko lansaioak domekan izango direla aditzera eman dute, 10:30ean hasita.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen